Europan auto salmentak uzten dion zuloa AEBetako merkatuarekin estali nahi du Fiatek. Horregatik, Chryslerren bere esku ez zegoen azken zatia (%41,5) erosi dio langileen osasun plana kudeatzen duen Veba elkarteari. Lehen epean 2.650 milioi ordainduko dizkio, eta beste 500 milioi hurrengo lau urteotan.
Chrysler eta haren lehiakide General Motors porrotetik salbatu zituen AEBetako Gobernuak 2008. urtean. Laguntza publikoaren truke berregituraketa bortitza egin behar izan zuten bi enpresa historikoek: milaka langile kalera joan ziren, hainbat lantegi itxi zituzten eta geratu ziren langileei soldatak eta pentsioak asko jaitsi zizkien. Orain, neurri eta kostu txikiagoekin lehiakorrak dira berriro, eta AEBetako merkatuaren hazkundeaz baliatu dira irabazi mardulak emateko. Fiatek 2009an hartu zuen Chryslerren kontrola, eta bere jabetza handitzen aritu da urratsez urrats, bi enpresen arteko sinergiak baliatzeko eta Europako merkatuaren erorketa AEBetakoarekin konpentsatzeko.