Foruzaingoak gizon bat atxilotu zuen atzo Cintruenigon (Nafarroa), gidatzen ari zen autoarekin nahita istripu bat izateagatik, bere emaztearekin zihoala. Hilketa saiaketa eta genero indarkeria delituak egotzi dizkiote, eta Iruñeko espetxera bidali dute.
Gertaera NA-6801 errepidean gertatu zen, Cintruenigoko industrialde batean. Atxilotuaren furgonetak zuhaitz bat jo zuen abiadura bizian, eta kalte handiak eragin. Emakumea kopilotuaren eserlekuan zihoan, eta laguntza eske atera zen furgonetatik. Foruzaingoak adierazi duenez, gizon batek jaso zuen, eta Tuterako (Nafarroa) ospitalera eraman. Emakumeak zauri leunak ditu, baina jaso zutenean shock egoeran zegoen.
Biktimak berak kontatu zien foruzainei istripua nahita eragindakoa izan zela, eta senarrarengandik urruntzeko agindu bat eskatu zuen. Gidaria unean bertan atxilotu zuten.