Maiatzaren 25eko hauteskundeetara Kataluniako CiUrekin eta CC Kanariar Huarteetako koalizioarekin aurkeztuko da EAJ, gaur Unio Democratica de Catalunya alderdiko idazkari nagusi Jose Maria Pelegrik baieztatu duenez. Prentsaurreko batean eman du Pelegrik erabakiaren berri, eta jakinarazi du Galiziako, Balear Uharteetako eta Valentziako beste alderdi batzuekin ere harremanetan daudela, hautagaitza handitzeko.
2009ko Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztutako koalizioa errepikatuko dute horrela hiru alderdiek. CiU, EAJ, Coalicion Canaria, Partido Andalucista, Bloc Nacionalista Valencia, Unio Mallorquina eta Unio Menorquinak osatu zuten Europaren Alde koalizioa. CiUk nabarmendu du "formula tradizionala" errepikatuko dutela, Kataluniako indar subiranistak hautagaitza bakarrean aurkezteko aukera baztertu eta gero.
Andoni Ortuzar EAJko presidentearen arabera, "duela lau urte ibilitako bidearen zati handia" egina daukate koalizioa berresteko, eta "agenda ixten saiatzen ari" dira katalanekin. "Duela lau urte itxitako koalizioaren antzekoa egitea nahikoa erraza" dela uste du.