Arabako Batzar Nagusietako Bozeramaileen Batzordea bildu da, eta bertan jakinarazi du Carrerak Ciudadanosetik egotzi dutela. Hala ere, ez du batzarkide kargua utziko, eta independente gisa jarraituko du. Alderdiaren estatutuak ez betetzea egotzita kaleratu dute.
Carrerak hainbat alderdikide salatu zituen auzitegietan otsailean, espioitza egitea eta datu konfidentzialak lapurtzea leporatuta. Nicolas de Miguel Ciudadanoseko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariak argudiatu du Carreraren jokabidea ez dela egokitzen "Ciudadanos bezalako alderdi demokratiko eta birsortzaile batek politika egiteko modu berrian jarritako helburuetara".
Alderditik kanporatzea da arau hauste "oso larria" egin duen kide batentzat, De Miguelek esan duenez. Zazpi eguneko epea du Carrerak helegitea aurkezteko.