Europako hauteskundeak

CIUrekin eta BNGrekin koalizioa hitzartzear da EAJ; EA, berriz, ERCrekin eta CHArekin

Bartzelonan batuko dira bihar EAJ, CIU eta BNG alderdietako buruzagiak Europako hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko apirilaren 6an adostu zuten aurreakordioari azken ukituak emateko. EA, ERC eta CHAko arduradunak, berriz, Zaragozan (Aragoi) bildu dira gaur, hain zuzen ere, Europako bozetarako koalizioa osatzeko hitzarmena ixteko.

2004ko apirilaren 14a
17:39
Entzun
EAJk zein EAk ia itxita dituzte Europako hauteskundeetarako egingo dituzten koalizioak. Jeltzaleek Kataluniako CIU koalizioa eta Galiziako BNG izango dituzte bidelagun. EA, berriz, Kataluniako ERCrekin eta Aragoiko CHArekin aurkeztuko da Europako bozetara.

Nolanahi ere, bai batzuk zein besteek eratuko dituzten akordioei azken xehetasunak falta zaizkie, eta horretan saiatzen ari dira alderdietako buruzagitzak.

Josune Ariztondo EAJko EBB Euzkadi Buru Batzarreko idazkariak gaur Bilbon agertu duenez, joan den apirilaren 6an koalizioa osatzeko aurreakordioa adostu zuten CIUrekin eta BNGrekin, eta, dagoeneko, hiru alderdietako zuzendaritzek oniritzia eman diote proposamenari. Hitzartutakoaren arabera, CIUko Ignasi Guardans izango da koalizioaren zerrendaburu, EAJko kide bat izango da bigarrena, eta BNGkoa hirugarrena. Helburua, berriz, Europako Parlamentuan lau ordezkari lortzea dute. Horrenbestez, biharko batzarrean azken baiezkoa ematea baino ez zaie falta.

EAko Begoña Lasagabaster, ostera, ERCko eta CHAko ordezkariekin bildu da gaur Zaragozan. Hiru alderdien artean koalizio baten ardatza eratu nahi dute, baina behin adostasun hori iritsita, beste alderdi batzuk gehitzeko aukera ez dute itxi. CHAko Chesus Bernalek azaldu duenez, badira aipatu hiru alderdi horiek osatuko duten koalizioarekin bat egiteko gogoa adierazi duten zenbait alderdi, baina zeintzuk diren ez du zehaztu. EAk, ERCk eta CHAk osatuko duten koalizioak hiru ordezkari lortu nahi dut Europako Legebiltzarrean.

Euskal Herriko beste alderdi batzuei dagokienez, Aralarrek Europako hauteskundeetarako Euskal Herria Bai koalizioa osatzeko proposamena egin zuen. Nolanahi ere, ekimen hori aurrera ateratzeko aukerak ez direla oso handiak onartu du gaur Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Esan duenez, Batasuna da proposamen horrekin bat egiteko jarrera erakutsi duen alderdi bakarra, EAJk eta EAk lehen aipatutako aukerak hobetsi baitituzte. Zabaletaren iduriko, koalizioa Aralarrek eta Batasunak soilik eratuko balute, Euskal Herria Bai proposamenaren sorrerako asmoa auzitan jarriko litzateke. Aralarrek datorren astean hartuko du Europako hauteskundeen inguruko behin betiko erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.