genero indarkeria

Clara Rangel hil zuen gizonari 28 urteko espetxea jarri diote

Gipuzkoako Auzitegiaren epaiaren arabera, emakumearen bikotekidea izan zen hiltzailea. 2008an hil zuen, Errenterian. Epaileak, aringarri gisa, onartu du semeari eta anaiari oldartzean alkoholagatik buruko gaitasunak galduta zituela.

2012ko ekainaren 1a
12:03
Entzun

Gipuzkoako Auzitegiak 28 urteko kartzela zigorra jarri dio Clara Rangel zenaren bikotekideari, hilketagatik, Efe berri agentziak jakinarazi duenez. Emakumearen hamasei urteko semea hiltzen saiatzea eta bere anaia zauritzea ere egotzi dio. 2008an izan zen gertaera, Errenterian, eta joan den maiatzaren 14an hasi zuten epaiketa, Donostian.

Auzi saioetan akusatuak egiletza aitortu zuen —labankadaz hil zuen—, nahiz adierazi zuen ez duela gogoan zer gertatu zen. Edanda zegoela eta bere buruaren jabe ez zela frogatzen saiatu zen. Epaileak, aringarri gisa, onartu du semeari eta anaiari oldartzean alkoholagatik buruko gaitasunak "era arinean" galduta zituela hark. 

Epaiketan medikuek berretsi zuten tratu txar emaileen ezaugarriak dituela gizonak, eta bazekiela zertan ari zen emakumea hil zuenean. 

Zigortuak Rangelen hiru umeei eta gurasoei 132.838 euroko kalte-ordaina eman beharko die.

Fiskalak 28 urteko kartzela eskatu zuen —33 urte eta erdi eskatu zituen hasieran baina, edanda egotea aringarritzat harturik, eskaria arindu zuen—, akusazioek, 35 urtekoa. Defentsak absoluzioa nahi zuen, gizona bere buruaren jabe ez zelakoan. 

Maiatzaren 21ean gizonezkoa hilketaren erantzule jo zuen zinpekoen epaimahaiak, aho batez.

Rangel haurdun zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.