"Zergatik egiten dizkigute entzuketak Espainiako Kongresuko bulegoetako telefonoetan? Zergatik egiten zaizkie jarraipenak alderdi demokratikoetako politikoei? Nork ematen die hori egiteko baimena? Non daude epaileak? Non dago Estatuko fiskal nagusia?". Galdera sorta horrekin erantzun die Begoña Lasagabaster EAko diputatuak CNI Espainiako Intelijentzia zerbitzuko kideek Carod-Rovirari egin dizkioten jarraipenen inguruan galdetuta. Lasagabasterrek ETB-2ko 'El Punto' saioan adierazi duenez, ETAren indarkeriaren gaia "helburu elektoralak eta alderdikoiak lortzeko" erabiltzen dituzte zenbaitek.
EAko diputatuaren ustez, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteak ez ditu azalpenak emango Espainiako Diputatuen Kogresuan, "Irakeko gerraren kontuarekin egin ez zuen bezalaxe".
Josep-Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusiak ETAren zuzendaritzarekin biltzerakoan "jarrera ausarta" izan duela nabarmendu du, eta "arazoak konpontzeko hitz egin" duela azpimarratu, "giza eskubideekin konpromiso estua baitu Carodek". Lasagabasterren ustez, Carod-Rovira "moralaz gaindiko lintxamendu baten biktima izan da".
Halaber, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusia "egoera zailean" dagoela esan du, "PPri hainbeste jarraitu dio, ez duela jakin jarraipen horri muga bat jartzen".
"Legegintzaldi gogorra"
Espainiako Diputatuen Kongresuan amaitzear dagoen legegintzaldia "gogorra" izan dela usten du Begoña Lasagabasterrek. PPk izan duen gehiengo absolutuak "atzerakada handia" ekarri du "eskubide eta askatasun demokratiko eta oinarrizkoetan". Datorren legealdia ez direla "hutsetik" abiatuko azpimarratu du, "hutsaren azpitik baizik".
Eusko Alkartasuna ERCrekin Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa osatuko zuela esan zuen orain hilabete, eta gertatu dena gertatuta ere, "akordioak bere horretan jarraitzen" duela esan du. "Ez dugu legealdi honetan bakarrik hitz egin ERCrekin, aurreko legealdietan ere hitz egin dugu. Bi alderdiok sozialdemokratatzat, independentistatzat eta giza eskubideak errespetatzen dituen alderditzat jotzen dugu gure burua", zehaztu du Lasagabasterrek. "Bi nazioetan" kanpaina "koordinatua" egingo dutela iragarri du.
Carod-Rovira eta ETA-ren arteko bilera
CNI barruko kontuak azaltzeko epaileak eta fiskal nagusia non dauden galdetu du Lasagabasterrek
Begoña Lasagabaster Espainiako Kongresuko EAren diputatuak "atal dramatiko" bat bezala ikusten du egun hauetan gertatzen ari dena, eta CNI Espainiako Intelijentzia Zentroko kideek Carod-Rovirari egin dioten jarraipenei buruz epaileek eta fiskal nagusiak azalpenak eta ikerketak egin beharko lituzketela nabarmendu du. "Duintasun ez hori ardura politikoan bihurtu beharko litzateke", azpimarratu du Lasagabasterrek, Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidenteari erreferentzia eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu