Sindikatuak azaldu du Dominion, Telefonicaren azpikontrata, Eusko Jaurlaritzaren erakundeentzako komunikazioen mantentzeaz arduratzen dela, eta konpainiak Gasteizko zentroko bere langile guztiak kaleratu dituela, hogei hain zuzen.
"Jakinarazi behar da zentro horretan lana ez dela gutxitu, alderantziz, egunetik egunera lan gehiago zeukaten proiektu berriei esker", nabarmendu du CNTk. Sindikatuak Eusko Jaurlaritza kritikatu du, Telefonicari eta Domioni "lanpostuekin jolasten uzteagatik".
Gainera, azken hilabeteetan jazarpen sindikala egotzi izan dio CNTk Dominioni. Hain zuzen, bihar da egitekoa epaiketa, konpainiako zuzendaritzak CNTko bi langile afiliatu kaleratzeagatik. Sindikatuaren ustez, enpresako "anomaliak" eta "basakeriak" salatzeko eta langileen eskubideak defendatzeko sekzio sindikal bat sortu zutelako kaleratu zituzten bi langileok.
Izan ere, CNTk hainbat irregulartasun salatu zituen langileei ezarritako txanden banaketan. "Lan hitzarmeneko hainbat puntu hautsi dituzte, ordu osagarriak sartzearen trukeko deskantsuen inguruan". Sindikatuak aldeko bi ebazpen izan zituen, "baina Dominionek ez zituen aldaketak egin, eta ez zituen kalte-ordainak pagatu".