Rosa Iriarte, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran, Joxe Aldasoro, Sandra Barrenetxea eta Eneko Compains baldintzarik gabe espetxeratu zituzten ostiralean, eta Erika Bilbao, Egoitz Garmendia eta Aniaitz Ariznabarreta, larunbatean. Polizia etxeetan eginiko deklarazioetan oinarrituta, Ekinen zuzendaritza nazionaleko kide izatea egotzi die Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Atxilotu guztiek salatu dituzte torturak epailearen aurrean. Kideei «torturapean eginiko galdeketak» entzunarazi dizkietela eta deklarazioak behartuak izan direla adierazi dute. Hala, ofiziozko abokatu batek kexa agertu du Garmendiaren eta beste bi atxiloturen deklarazio polizialaren inguruan, eta auzi mediku batek Compainsek salaturiko tortura guztiak jaso ditu txosten batean.
AAMk zabaldu duenez, aipatutako ofiziozko abokatuak adierazi du atxilotuek ez dutela ia astirik izan polizien galderei erantzuteko eta galdeketak «oso prestatuak» zeudela. Era berean salatu du ezin izan dituela bere bezeroak ikusi eta ezin izan duela polizia txostena irakurri.
Atxilotu guztiek uko egin diote epailearen eta fiskalaren galderak erantzuteari. AAMk jakinarazi duenez, Compainsek honako hau esan zion Grande-Marlaskari: «Ziur nago laster era honetan atxilotzea iraganeko kontua izango dela, Euskal Herriak bakerako bidea egingo baitu elkarrizketaren eta negoziazio politikoaren bidez».
Grande-Marlaskak ez zuen aintzat hartu epailearen aurretik berehala pasatzeko eta torturak eta tratu txarrak saihesteko nazioarteko eragile ugarik babestutako protokoloa.
Bortxaketa saioak
Bederatzi herritarrek salatu dutenez, atxilotu eta berehala hasi ziren kolpeak jasotzen eta haien senide eta lagunekin mehatxu egiten. Elizarani, adibidez, argazki muntaketa bat erakutsi zioten non haren neska-laguna atxilotuta agertzen zen.
Nabarmendu dutenez, jazarpen sexuala handia izan da. Makila bat uzkian sartzeko imintzioak egin eta kolpeak eman dizkiote barrabiletan Garmendiari, eta makila batekin bortxaketa simulazioa egin ziotela salatu du Compainsek. Besteak bezala, gela ilun batean eduki dutela eta galdeketetara eramaten zutenean begiak estalita edukitzen zituela esan du.
Bereziki gogorra izan da emakumeentzat. Madrilera bidean biluztu, eta mehatxu eta irain artean, ukimenak jasan zituztela salatu dute Barrenetxeak eta Ariznabarretak. Behin polizia etxean, gorputz osoa ukitu eta bortxatzeko mehatxua egin dietela adierazi dute.
Ariznabarretak azaldu duenez, galdeketa saio luzeak egin dizkiote. Poltsa jarri diote behin eta berriz, eta gorputza manta batekin eta apargomarekin bilduta zeukala jo dutela salatu du -Elizaranek ere salatu du hori-. Galdeketek azken egunera arte iraun zutela adierazi du.
Barrenetxeak esandakoaren arabera, Madrilera bidaian prakak kendu eta bortxaketa saioa egin zioten poliziek. Polizia etxeetan errepikatu zen egoera; mahai batean etzan, hanka artera ura bota, ipurdia soka batekin bildu eta bortxatzeko mehatxu egin ziotela esan du.
Iriartek, berriz, hauts zuri baten bidez loarazi egin nahi izan dutela adierazi du, besteak beste. Eta elektrodoak jartzearekin mehatxatu zutela salatu du Bilbaok.