Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak baztertu egin du berriro EAE-ANV legez kanpo uzteko eskaera orain egitea, "Auzitegi Gorenak ez lukeelako denborarik izango hauteskundeak baino lehen erabakia hartzeko", baina alderdi haren kontra beste era batera egin daitekeela uste du. "Orain efektiboagoak izateko, EAE-ANVren hautagaitzak inpugnatzea pentsatzen ari gara". Legez kanporatzeko aukera hurrengo baterako "gorde" egingo dutela dio fiskal nagusiak.
Fiskaltzaren erabakia EAE-ANVren zerrenda "zehatz" batzuen kontra egitea litzateke, "legea beteko ez luketen haien kontra egitea", Conde Pumpidok gaur La Razon egunkariari emandako elkarrizketa esan duenez.
Aukera hori legez kanporatzea baino "azkarragoa" da haren ustez. "Izan ere, EAE-ANV hauteskundeen ondoren legez kanpo geratuko balitz, haren hautagaiak ordurako hautatuak leudeke".
El Pais egunkariak gaur argitaratu duenez, EAE-ANVren zerrenden %30 behintzat inpugnatuko dituzte.
Angel Acebes PPren idazkari nagusiak, berriz, Espainiako Gobernuari eskatu dio inpugna ditzala EAE-ANVren zerrenda guztiak, "frogak eta denbora baduelako". Haren ustez, Batasuna eta aipatutako alderdi hori "berak" dira.
Bihar jakinaraziko dituzte jendaurrean maiatzaren 27ko udal eta foru hauteskundeetako zerrenda behin betikoak, eta Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak asteazkenean eta ostegunean izango dute aukera Auzitegi Goreneko 61eko salan hautagaitzak inpugnatzeko.
Conde Pumpido: "EAE-ANVren hautagaitzak inpugnatzea pentsatzen ari gara"
Orain alderdi haren legez kanporatzea eskatzea baino "efektiboagoa" da inpugnazioen aukera, Espainiako fiskal nagusiaren ustez. PPk zerrenda denen kontra egin dezala eskatu dio, "frogak eta denbora baduelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu