Politika

Conde-Pumpidok dio "Fiskaltzak iaz ETAren aurka marka guztiak hautsi" zituela

Erakunde armatua 2006an martxoaren 22tik su-etenean egon zen. "Justizia terrorismoaren kontrako borrokan osasuntsu dago", esan du Espainiako fiskal nagusiak.

2007ko irailaren 17a
18:08
Entzun
Espainiako Justiziaren ikasturte berriari ekin diote gaur, Madrilen egindako ekitaldian, eta Candido Conde Pumpido fiskal nagusiak iaz Fiskaltzak ETAren aurka egindakoa nabarmentzeko baliatu du, jasotako kritikak "funtsik gabekoak" direla erakutsi nahian. Erakunde armatua iaz martxoaren 22tik su-eten iraunkorrean egon eta abenduaren 30era arte atentaturik ez egin arren, "Fiskaltzak 2006an marka guztiak hautsi zituen ETAren kontrako borrokan", bota du Conde Pumpidok.

Eta datuak eman ditu: kale erasoengatik hamalau pertsona atxilotu zituzten, 227 lagunen kontrako 102 akusazio egin zituzten ("1999an, ETAren aurreko su-etenean, 37 akusazio egon ziren"; PP zegoen orduan Espainiako Gobernuan), ETArekin lotutako 89 epaiketa egin zituzten, 145 pertsona akusatuetatik 115 zigortu zituzten, ustezko 46 etakide atxilotu, Frantziak hamasei lagun Espainiaratu zituen eta beste zazpi behin-behinean, preso bakar bati ere ez zioten hirugarren gradua eman, ezohiko zigor murrizpenik ez zieten ezarri presoei...

"Justizia terrorismoaren kontrako borrokan osasuntsu dago", esan du fiskal nagusiak.

ETAk aurten hautsi du su-etena, ekainean. Besteak beste, Espainiako Gobernuari honek hartutako konpromisoak bete ez izana leporatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.