GERTAKARIA

Congresoko atezaina hilketaren erruduntzat jo du epaimahaiak

Erredakzioa
BILBO
2004ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Bilboko Congreso dantzalekuko J.I.R. atezainaren ostikada bat aurpegian jaso eta erortzean espaloia buruarekin jo ostean, Igor Etxebarria gaztea koman geratu zen 2001eko martxoaren 11n. Handik 10 egunera, hil egin zen. Herenegun, atezaina «zuhurtzigabekeriaz egindako hilketaren» erruduntzat jo zuen kasua epaitzeko izendatutako zinpeko epaimahaiak. Horrez gain, dantzalekuko bi arduradun J.M.G. eta L.E.P. administrariak gertatutakoa ezkutatzen aritu zirela ebatzi zuen zinpeko epaimahaiak. Laugarren auziperatu bat ere bazegoen, M.P.T., eta epaimahaikideek aske utzi egin zuten.

J.I.R.-k ostikada eman zuenean inor hiltzeko asmorik ez zuela ebatzi du epaimahaiak epaia ematerakoan. J.M.G.-ri eta L.E.P.-ri buruz, berriz, Congreso dantzalekuko gainerako langileei deitu zietela argudiatu du epaimahaiak, eta deiokin Ertzaintzari informaziorik ez emateko eskatu zietela langileei.

Azken epaiaren zain

Igor Etxebarriaren senideen abokatuaren arabera, ahaideok pozez hartu dute epaia: «Lehen ez genuen zerbait daukagu orain: igorren hilketaren errudun bat eta horren ezkutaketaren bi errudun». Etxebarriatarrek eta Fiskaltzak 4 urteko kartzela zigorra eskatzen dute atezainarentzat; ezkutaketa lanetan aritu direnetako batentzat hilabete bat eta 9 hilabete arteko zigorra eskatu dute; eta 2 urte bestearentzat. Datozen egunetan azken epaia jakinaraziko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.