Berdintasuna

Cony Carranza herri hezitzaileari eman diote Emakunderen Berdintasun saria

Euskal Herrian eta El Salvadorren egindako lana aitortu nahi izan diote, baita batez ere emakume migratzaileentzat erreferentea izatea ere

Cony Carranza aria jasotzen, gaur, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2019ko abenduaren 18a
15:53
Entzun

Cony Carranza herri hezitzaile feministak jaso du Berdintasunerako Emakunde saria, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren eskutik. Carranza aditua da metodologia emantzipatzailean eta ekonomia feministan, eta hogei urtean baino gehiagoan Euskal Herrian eta El Salvadorren –bere jaioterrian– egin duen lana aitortu nahi izan diote. Landaidak ziurtatu duenez, emakume askorentzat, eta batez ere migratzaileentzat, erreferente bihurtu da Carranza.

Epaimahaiak, hain zuzen, Carranzak «ahultasun handiko egoeretan» dauden emakumeei feminismoaren bidez ahalduntzen lagundu izana saritu du. Izan ere, ahalduntze eskolen eta emakumeen etxeen bidez emakumeak ahalduntzeko, kontzientziatzeko eta antolatzeko banakako nahiz taldekako prozesuak bultzatu ditu. Epaimahaiak, bestalde, aintzat hartu du  emakumeentzako ahalduntze prozesuen «bideratzaile eta lider» gisa aritzeaz gainera berak ere sufritu duela prekaritatea, beste emakume migratzaile batzuek bezala.

Carranzari ez ezik, beste hainbat emakumeren lanari ere aitorpena egin nahi izan diote. «Sari honen bidez, aitorpena egin nahi diegu beste lurralde batzuetako egoerak Euskal Herriarekin lotzeko lanean ari direnei», nabarmendu du Landaidak. Horiez gain, gogoan izan dituzte beste diskriminazio faktore batzuek zeharkatutako emakumeen ahalduntze prozesuak bultzatzen dituztenak ere. Epaimahaiaren iritziz, feminismoen arteko elkarrizketarako beharrezko zubiak eraikitzen dituzte horiek guztiek. Gizartean, mugikortasunean eta aniztasunean gero eta aldaketa gehiago gertatzen ari diren honetan elkarrizketa lan hori ezinbestekoa dela dio epaimahaiak: «Beharrezkoa da emakumeen kolektibo guztien beharrak, errealitateak eta berariazko jarrerak ezagutzeko».

Emozioak eta aldarrikapenak

Oso hunkituta jaso du Carranzak Emakunderen Berdintasun saria, eta aldarrikapenerako tartea ere hartu du: «Emakume migratzaileak eta arrazializatuak gizartearen parte garrantzitsuak gara». Mugimendu feministari ere mintzatu zaio, bidea batera egin behar dutela esanez. Erakundeei, berriz, «gizartearen zerbitzuan» egoteko eskatu die.

Epaimahaiak azpimarratu du bere hautagaitza «oso bermatua» egon dela, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia 30 emakumek egindako proposamen kolektibo eta askotarikoen emaitza izan baita. Nabarmendu du berdintasunaren alorrean ibilbide luzea egin dutela emakume horiek, eta, aldi berean, emakumeen erakundeetan, sindikatuetan eta erakundeetan parte hartzen dutela.

Emakundek azaldu duenez, sariaren helburua da jendaurrean aitortzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko nabarmendu diren pertsona fisikoen eta juridikoen lana. 2006tik, urtero saritu bakarrak jasotzen du. Ordutik, besteak beste, Lilaton taldea, Irungo eta Hondarribiko alarde mistoak, Maria Macho matematikaria eta Virginia Imaz clown eta aktorea saritu dituzte. Saridun bakoitzari 14.400 euro ematen dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.