Atzo hil zen, Nafarroako Ospitalean, istripuan larri zauritutako gizonezkoa, 32 urtekoa. Aurreko larunbatean gertatu zen ezbeharra: gidatzen ari zen quad ibilgailuarekin zarama edukiontzi bat jo zuen.
Larrialdietako zerbitzuek medikalizatutako anbulantzia bat eta helikopteroa mugiarazi zituzten haraino, eta zauritua Nafarroako Ospitalera eraman zuten; han hil zen, atzo arratsaldean.
Bestalde, Iruñeko Udaltzaingoak jakinarazi du sei pertsona atxilotu dituela aurreko astean, zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delituak egitea egotzita. Horietatik bost alkohol maila delitu izateraino gainditzen zutelako atxilotu dituzte, eta beste bat, gidabaimenik gabe gidatzeagatik.
Horrez gain, udaltzaingoak adierazi du astelehen eta igande bitartean beste sei isun jarri dituztela, denak alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.