COVID-19ak hezkuntzan izandako eragina neurtzeko azterketa egingo du Eusko Jaurlaritzak. EH Bilduk egin du proposamena, eta Eusko Legebiltzarrean adostu dute EAJrekin eta PSE-EErekin. «Sistemaren ahulguneak» identifikatu, eta «ahalik eta ondoen» erantzun nahi dute; hau da, pandemiak ikastetxeetan sortu dituen «behar gehigarriak» identifikatu, eta horiei «lehenbailehen» erantzun. «Koronabirusak hezkuntza sistemak aspalditik zituen gabeziak eta agortze zantzuak azaleratu ditu», ohartarazi du Ikoitz Arrese EH Bilduren legebiltzarkideak.
Eskolak itxita, hainbat ikaslek euskaraz aritzeko eremu bakarra galdu zuten konfinamenduan eta ondorengo hilabeteetan. Hori dela eta, asmoa daukate ikasleen hizkuntza gaitasunaren egoera ere aztertzeko. «Ikasle askok euskararekin daukaten kontaktu bakarra hezkuntza sistemaren bidez dutena da, eta horrek erakusten du hizkuntza ereduen sistemak aspaldi jo zuela goia, eta murgiltze eredu bakarraren aldeko apustua egiteko ordua dela», nabarmendu du Arresek.
Arreta berezia behar duten beste hainbat puntu ere identifikatu dituzte: «Arreta berezia jarri beharko zaie kolektibo zaurgarrienei, baita baliabide gehigarrien eta teknologikoen identifikazioari eta hornikuntzari ere». Arreseren hitzetan, sistema ez zegoen prest online lan egiteko, eta konektatzeko arazoak egon dira, batez ere landa eremuan. Horrez gain, jangelak ixteak hainbat ikasleri sortu dizkien arazoak ere azpimarratu ditu: «Ume askorentzat eguneko jatordu bero bakarra izaten da».