Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero, gaur jarri dira salgai lehenengoz COVID-19aren autodiagnostikoa egiteko testak Hegoaldean. Lagina norberak hartu eta emaitza interpretatu ahal izango du test horiekin, profesional baten laguntzarik gabe. Farmazialariek neurri hau behin eta berriz eskatu ostean, edozein farmaziatan egongo dira eskuragarri. Prezioa hamar eta hamabost euro artekoa izango da.
Errezetarik gabeko bi test mota egongo dira salgai farmazietan: antigeno testak eta antigorputz testak. Antigeno testa infekzioa hartu eta zazpi egunera edo sintomekin hasi eta bost egunera egin behar da, karga birala altuen dagoen egunetan hain zuzen. Test horretarako lagina sudurretik hartu beharko da. Kontuan izan behar da positibo faltsuak edo negatibo faltsuak atera daitezkeela karga birikoa baxua denean edo sintomarik ez dagoenean. Horregatik, Europako Batasunak gutxienez %97ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du.
Autodiagnostikorako antigenoen probetan positibo ematen dutenek Osakidetzari jakinarazi beharko diote, nahiz eta oraindik ez dagoen horretarako protokolorik. Beraz, positibo horien berri ematea bakoitzaren ardura izango da. Test horien emaitza positiboa izanez gero, PCR baten bidez egiaztatu beharko da.
Antigorputz autotest serologikoan berriz, odol lagin txiki bat beharko da testa egiteko, eta infekzioaren ondorioz sortutako immunitatea antzemateko balio dute. Hor ere positibo faltsuak edo negatibo faltsuak atera daitezke, eta, horregatik, Europako Batasunak gutxienez %98ko espezifikotasuna eta %90eko sentsibilitatea duten testak erabiltzea gomendatzen du.
Gipuzkoako Farmazialarien Kolegioko kide Olatz Cuevasen ustez, antigeno testak farmazietan saltzeak asko lagundu dezake pandemiaren eboluzioan, baina protokolo baten beharra dagoela azpimarratu du. “Saltzen den test bakoitzari jarraipen bat egin beharko litzaioke, horrela, emaitza positiboa izanez gero, Osakidetza jakinaren gainean egoteko”. Hala ere, test horiek eskuragarri egon arren, babes neurriak mantentzearen eta txertoaren garrantzia ere azpimarratu du. “Ikusi baita bi horiek direla neurririk eraginkorrenak”.