Koronabirusa

COVID iraunkorra modu integralean artatzeko talde bat sortuko du Osasunbideak

Lehen arretako medikuek eta arreta espezializatuko profesionalek osatuko dute taldea. OMEren arabera, COVID-19a izan duten hamar pertsonatik batek du COVID iraunkorra. 

COVID-19a duen paziente bat erreabilitazio saio batean, ospitalean. QUIQUE GARCIA, EFE
2021eko martxoaren 16a
18:46
Entzun

Nafarroako Osasun Zerbitzuak COVID-19 iraunkorra eta gaixotasuna igaro ostean osasun arazoak dituzten gaixoei arreta osoa emateko zirkuituak ezarri eta koordinatzeko talde teknikoa sortu du. Taldea Lehen Mailako Arretako eta arreta espezializatuko profesionalez osatuta egonen da dago.

Talde teknikoaren eginbeharra izanen da aipatu pazienteen arreta bideratzea, beren beharrak asetzeko zirkuitu uniformeak ezartzea eta ondorio eta sintoma etengabeak pairatu ahal dituzten pazienteen errehabilitazio funtzional goiztiar bat ahalbidetzen duten tratamendu eta autozaintza baliabideak antolatzea.

Orain arte, COVID iraunkorra zuten pazienteek pneumologiako arreta berezia eta bertzelako espezialitateak biltzen zituen zerbitzu bat jasotzen zuten. Bertzeak bertze, nutrizioa eta errehabilitazioa. Hemendik aitzinera, ordea, zentralizatuta egonen da arreta hori. 

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, COVID-19a izaten duten hamar gaixotik batek izaten du COVID iraunkorra. Horren sintomak dira, bertzeak bertze, nekea, aire gabezia, giharretako mina, usaimenaren eta dastamenaren galera, etengabeko nekea eta “laino mentala” deritzona, zeinak hondamen kognitiboarekin lotutako sintoma anitz hartzen dituen barnean: erraterako, oroimenaren galera, desorientazioa eta ikasteko eta kontzentratzeko arazoak.

Nafarroako Ospitale Guneak eta Navarraviomed ikerketa biomedikorako zentroak, halaber, PersiCOV-19 proiektua paratu dute martxan. Proiektuaren bidez, COVID-19 iraunkorra duten pazienteen erregistroa egin nahi dute, horren bidez SARS-CoV-2ak eragiten duen gaixotasuna hobeto ezagutzeko eta haren ikerketan aurrera egin ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.