Cristina Estebanezen hilketa epaitzen hasi dira gaur Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta akusatuak lehen saioan adierazi du "damututa" dagoela, eta ez zuela ez bikotekide ohia, ezta haren bikotekidea hiltzeko asmorik. S.M.G. akusatuak defentsaren abokatuaren galderei erantzun die soilik. 2010eko abenduaren 6an izan zen hilketa, Barakaldon (Bizkaia), Estebanezen etxean.
Etxebizitza horretan lanak egiten ari ziren hilketa izan zen egunean, eta ustezko hiltzaileak eskalatzeko materiala, bihurkinak eta aiztoak zeramatzan motxila batean. Defentsak dio giltza bat erabili zuela etxean sartzeko, baina etxebizitzaren aurrealdeko hodietan haren oin arrastoak topatu zituzten. Beraz, planifikatutako hilketa izan daiteke.
35 urteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak ustezko hiltzailearentzat, Estebanezen bikotekide ohiarentzat: emakumea hiltzeaz gain, haren bikotekidea hiltzen saiatzea, urruntze agindua urratzea eta bere etxean legez kanpo sartzea egotzi diote. Zinpeko epaimahaiko kideak hautatuz abiatu da epaiketa; ondoren deklaratu du auzipetuak.
Noemi Estebanez Cristinaren ahizpak epaitegira sartu aurretik "zigor handiena" eskatu du akusatuarentzat. Hark azaldu du familia "oso urduri" dagoela epaiketaren aurrean, eta "nahikoa sufritu" dutela uste du.
Akusatuaren inguruan Noemik esan du parez-pare ikusi nahi duela, baita hark bera ikus dezan ere. "Ez diot ezer esango, begiradek mila hitzek baino gehiago balio dute", esan du.
Noemik gogorarazi du haren ahizpak "jazarpena" jasan zuela akusatuarekin harremana eten ondoren, hark ez zuelako "onartu" Cristinak harremana bertan behera uzteko erabakia. "Behin baino gehiagotan esan zion: harremana uzten baduzu, hil egingo zaitut. Eta esandakoa bete egin zuen", adierazi du.
Fiskaltza: auzipetuak bi labankada sartu zizkion bizkarretik
Fiskaltzaren arabera, akusatuak bizitokira sartzea lortu zuen, eta emakumearen zain geratu zen. Bikotekidearekin heldu zen Estebanez, eta akusatuak gizon horri eraso zion lehenik, labanaz, lepoan; zauri larriak eragin zizkion arren, etxetik ihes egin eta laguntza eskatu ahal izan zuen zaurituak. Ondoren, auzipetuak Estebanezengana jo zuen, fiskalaren esanetan: bi labankada sartu zizkion bizkarretik, eta berehala hil zuen. 25 urte zituen andreak, baita ustezko hiltzaileak ere.
Hogei urteko zigorra eskatu du fiskalak hilketagatik, eta beste hamabi urtekoa gizona hiltzen saiatzeagatik. Akusatua errudun jotzen badute, 97.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharko dio Estebanezen aitari, eta 48.000 eurokoa zaurituari.
Atzo, bestalde, 2010ean Donostian gertatutako bortxaketa bat epaitzen hasi zen Gipuzkoako Lurralde Auzitegia. Fiskaltzak hamabi urteko zigorra eskatu zuen ustezko erasotzailearentzat, baina biktimak egindako akusazio partikularrak hamahiru urtera eta 11 hilabetera igo zuen eskaera, sexu erasoaz gain, lapurreta ere leporatu baitzion.
Biktimak atzoko saioan adierazi zuenez, erasotzaileak indarkeria handia erabili zuen bera mendean hartzeko. Gipuzkoa Plazan izan zen erasoa, goizalde batean, zorabio baten ondorioz emakumea sorospen gune baten bila zegoela. Parte Zaharra non zegoen galdetu zion gizonak, eta andrea erantzutera zihoanean, kolpe "izugarria" eman zion aurpegian: bost hezur hautsi zizkion. Biktima lurrean zela egin zion lehen erasoa, eta gero gune ezkutu batera eraman zuen; han zeudela hiru udaltzain heldu ziren. Gizona ihes egiten saiatu zen, baina atxilotu egin zuten. Andreak bost egun egin zituen ospitaleratuta, eta sei hilabete behar izan zituen aurpegiko lesioak sendatu eta normaltasunez jan ahal izateko.
Akusatuak esan zuen ez zuela gau hartan gertatutakoa gogoratzen, baina plazako segurtasun kamerek jasotako irudiek biktimaren bertsioa berretsi zuten.
Zortzi gizon atxilotuta
Edonola ere, emakumeen aurkako indarkeria kasu ugari gertatu da azken egunotan, Bizkaian batez ere. Igandean, 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak Barakaldon, bikotekide ohia jo zuelakoan; egun berean 27 eta 32 urteko gizon bana atzeman zituzten Durangon eta Getxon, emazteei erasotzea leporatuta. Getxon ere beste gizon bat atxilotu zuten udaltzainek herenegun, polizia etxean emazteak haren aurkako salaketa jarri eta gero.
Gasteizen, berriz, 21 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak, igande goizaldean adingabe bati ustez erasotzen saiatzeagatik: San Martin auzoko atari batean sartu zuen indarrez, eta bertan ukituak egin zizkion. Hamazazpi urteko emakumeak ihes egitea lortu zuen eta, bizilagunek ohartarazi ondoren, ustezko erasotzailea atzeman zuten ertzainek.
Iruñean beste hiru gizon atxilotu dituzte. Larunbatean hogei urteko gizon bat atzeman zuten udaltzainek, bikotekideari tratu txarrak ematea egotzita, eta igandean 39 urteko beste bat, bikotekide ohiari mehatxu egin eta bere etxean sartzen saiatzeagatik. Herenegun ere 31 urteko gizon bat hartu zuten atxilo, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.