Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) berriz martxan jartzeko baimena eskatu zion Nuclenor enpresak Espainiako Gobernuari maiatzean —2031ra arte eutsi nahi dio zabalik—. CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren osoko bilkurak mahai gainean du gaia, baina informazio gehiago eskatu du, eta, beraz, erabakia atzeratu egingo da.
CSNren ondorioak zentral nuklearra ixtearen aldekoak badira, itxi egingo da behin betiko. Irekitzearen aldekoa bada, berriz, gobernuak hartu beharko du azken erabakia. 1971n zabaldu zuten Garoñako zentral nuklearra, eta etengabe atzeratu dute ixteko eguna. Eusko Legebiltzarrak ere eskatu du zentrala berriz martxan jartzeko baimena ez emateko —PPk eskaera hori babestu zuen, lehenengo aldiz—.
Francisco Castejon fisikari nuklearra gaiaz mintzatu da gaur. Haren arabera, CSNk Garoña berriro martxan jartzeko eskatuko dituen neurriak "ez dira nahikoak", ez baitute behar adinako segurtasuna bermatuko. Castejonen arabera, ez dira kontuan hartuko lehen zirkuituaren korrosioa eta suilaren arazoak. Gaineratu du egingo dizkion eskaerak zentralaren kable instalazioa aldatzea eta gas erradiaktiboak zaintzeko sistema, kontrol gunearen sistema eta suteen kontrako sistema hobetzea izango direla.