CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak azkeneko osoko bilkuran Garoñako zentral nuklearreko (Burgos, Espainia) bi arduradun kendu zituen kargutik: Inmaculada Cordoba eta Alfredo Mozas. Cordoba hogei urtez Garoñako zerbitzuburua izan da, eta Alfredo Mozas inspektore egoiliarra zen.
Fernando Marti Scharefhausen CSNko presidenteak karguen aldaketa horien berri otsailaren 26an eman zuen, osoko bilkuran, Espainiako Ministro Kontseiluak Garoña berriz zabaltzeko Nuclenorri aukera ematen dion dekretua onartu eta bost egunera. Bilkuraren aktan jasotzen denez, presidenteak berak hartu zuen Cordoba eta Mozasen kargugabetzearen erabakia. CSNko alor teknikoko iturriek vox populi atarian esan dutenez, ez da normala CSNk zentrala hobeto ezagutzen duten pertsonak kargutik kentzea, zentrala berriz martxan jartzeko aukera egonik. Iturri horiek salatu dute presidenteak ez duela nahi zentrala zabaltzeko prozesua oztopa dezakeen inor.
Bestetik, larunbat honetan manifestazioa egingo dute Gasteizen, Garoñako zentral nuklearra berriro ez zabaltzeko eskatzeko.