Alde batera utzita zenbat eserleku gehiago lortuko lituzkeen CUPek gaurko hauteskunde garrantzitsuetan David Fernandez joango balitz zerrendaburu —«Kataluniako politikari gertatu zaion gauzarik interesgarriena, azken urteotan», Jordi Evoleren hitzetan—; eta alde batera utzi beharra dago, nahiz alderdiko kide askori ederki damutu zaion karguak legegintzaldi baterako bakarrik izango zirela hartu zuten erabaki hura, Fernandez bera delako, koherentziaz, arau hori aldatzearen aurka indar handien egin duena. Fernandez independente moduan joan zen CUPen zerrendetan, 2012ko hauteskundeetan, baina duela denbora gutxi CUPeko kide egin da. Hortaz, balio handiko ekarria egingo dio aurrerantzean CUPen proiektuari.
Inkesta guztiek ematen diote hazkundea CUPi. Hiru eserleku lortu zituzten azken hauteskundeetan, eta, iragarpenen arabera, 7-10 bitartean lortuko ditu oraingoetan. Oraintsu arte, herri txiki eta ertainetan bakarrik izan du presentzia nabarmena CUPek; azken 25 urteetan uko egin diotelako Kataluniako Parlamentuko hauteskundeetan parte hartzeari, haien gaitasunerako oso erakunde handia zelako, eta korrupzio sortzailea izan zitekeelakoan. Baina Kataluniako Legebiltzarrean azken legegintzaldian egindako lanak eragin duen oihartzun mediatiko eta sozialak ezkerreko herritar independentista askoren begi aurrean jarri du CUP, eta orain arte eduki ez duten bisualizazioa eskaini dio. Lanaren eta bisualizazioaren eraginez, oso aldeko iragarpenak dauzkate; deskubrimendu bat izan direlako katalan askorentzat.
Nondik hartuko ditu CUPek inkestek ematen dizkieten boto berriak? Bi eremutatik, batik bat: ERC, eta Iniciativa (+ azken udal hauteskundeetan aurkeztu diren Barcelona en Comu, Badalona en Comu, eta era horretako zerrendak).
Azken Parlamentuan CiUk 50 eserleku eduki ditu, ERCk 21, eta CUPek, lehen sarraldian, 3. Denetara, 74; gehiengo osoa edukitzeko behar diren 68ak aise gainditzen dituzte. CUPen hazkundea ERCtik datorren kasuan, bi arrazoi egon litezke hazkundea ulertzeko: batetik, Masi botoa eman nahi ez dioten ezkerreko boto-emaile independentistak; eta bestetik, baina kontzeptu disjuntiboak izan gabe, CUPek prozesua arrisku larrian egon den bizpahiru aldi kezkagarrietan erakutsi duen sendotasuna eta nazio ikuspegia saritu nahi dutenak. ERCtik CUPerako aldaketa egingo duten horien ustez, prozesu honek CUP sendo bat behar du, azken bi urteotan hauteskunde kalkulagailuari begira egon diren CiU eta ERC kontrolatzeko.
Hazkundea ERCtik datorren hipotesian, CUPen hazkunde horrek ez du ekarriko diputatu independentziazaleen kopurua handitzea, eremu independentziazalearen barruko boto mugimendua delako. Alegia, ERCk ekartzen zituen diputatu batzuk galdu egingo ditu Junts Pel Sik, eta CUPek irabaziko.
Baina hazkundea, nagusiki, Iniciativaren eremu zabaletik baldin badator, diputatu independentziazaleen hazkundea egongo da; orain arte ez-independentziazaleen kontabilitatean egon diren diputatu batzuk eramango dituelako CUPek, Iniciativarenak ziren boto berrien bidez, independentziazaleen kopuruetara.
Zergatik joango dira boto horiek CUPera? Iniciativan, gutxienez, % 30 independentziaren aldekoak dira, eta ez daude eroso, ikusirik Iniciativa erabat makurtu dela Podemen nahietara. Pablo Iglesiasek kanpaina honetan independentziaz hitz egiterakoan erabili dituen tonua eta deskalifikazioak haserrearazi ditu Iniciativako independentziazaleak, eta botoa CUPi ematera animatu. Iniciativa, Podemen eskuetan urtu egin dela iritzi diote sektore horretan.
Ez dezagun ahantz Junts Pel Sik Bartzelonan aurkezten duen zerrendaburua, Raul Romeva, Iniciativaren inguruan ibili dela oraintsu arte, eta ANCko lehendakari berria, Jordi Sanchez, eremu beretik datorrela.
Independentziazale askok kritika egin zioten CUPi Junts Pel Si zerrenda bateratuan ez sartzeagatik, eta argudiatu une garrantzitsuetan lehentasuna eman behar ziotela estrategia batuari, desberdintasunak alde batera utzita.
Gaurko hauteskundeetan, CUP zerrenda propioarekin joatea, izan da, segur aski, independentziazaleen esparruan hartu den erabakirik estrategikoenetako bat.