"Espainiako eta Frantziako gobernuak ez dira prestatu prozesuari laguntzeko euren esku zegoen guztia egiteko". Hori esan du Brian Currin abokatuak, Publico.es kazetak eginiko elkarrizketan. Azaldu du ez dagoela kontakturik gobernuekin; bai, ordea, Jaurlaritzarekin. Madrilen eta Parisen urrats faltatik kanpo aurrera egiteko moduak bilatzen ari dela esan du.
"Miresmena" azaldu du alderdi abertzaleek eta "Euskal Herriko beste alderdiek" egin duten saioarekin bake prozesuari eutsi eta garatzeko. Baina kritiko azaldu da PP eta PSOErekin: "Oso desberdintasun txikiak nabari ditut PPren eta PSOEren estrategien artean. Badirudi estrategia bera dutela: parte ez hartzea".
Martxoan Lokarrik antolatuta egindako Foro Sozialaren ondorioak aztertu dituzte, eta gomendio batzuetan ari da lanean. "Datorren astean izango naiz Euskal Herrian NHTko beste kide batzuekin".
Presoen harira, adierazi du bake prozesu bat ez dela "osoa" izango presoen auziari heldu gabe. "Ez naiz ni izango esango duena zein formula den arrakastatsuena. Alde guztiei dagokie ados jartzea, baina akordio bat edo beste beharrezkoa da. Beste prozesu arrakastatsu batzuetan gertatu dena da".
ETAn balizko zatiketa bat gerta daitekeela ere esan du. "Ez nik informazio hori dudalako, baizik eta munduko beste leku batzuetan hala gertatu delako". Halere, gaineratu du ez duela uste ETA, erakunde gisa, jardun armatura itzuliko denik.
Armen inguruan, Currinek iritzi dio "konpromiso bat" beharrezkoa dela armak entregatzeko, baina erantsi du konpromiso horrek gobernuekin "partekatua" izan behar duela.