Armagabetze ordenatu baten oinarriak finkatzea izango du helburu Gizarteak eraikiz, bake prozesua indartzeko hirugarren Foro Sozialak. Gizarte zibilaren ekarpena bideratu nahi du horretarako Gernikan (Bizkaia) egingo den ekitaldiak. Bake Bidea, Uharan eta Gernika-Lumoko Batzordea elkarteek antolatu dute, eta nazioarteko hainbat hizlari bilduko dituzte Lizeo antzokian. Bi arretagune nagusi izango dituzte ekitaldiek: ETAren armagabetzeari buruzko baldintzak, batetik, eta Kolonbiako bake negoziazioak, bestetik.
Kolonbiako bake prozesuari buruz solastu dira Carlos Alberto Ruiz Socha La Habanako elkarrizketetan aholkulari ibilitako abokatu kolonbiarra eta Alberto Spektorowsky Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kidea. Ruiz Sochak nabarmendu du Kolonbiako prozesuaren lehen lorpena "ukazioa apurtzea" izan dela, baina ohartarazi du herrialde horretan "akordioak gauzatzeko tresnak eta bermeak" falta direla oraindik.
Kolonbiako prozesutik Euskal Herrikorako ikasgaiak ateratzen saiatu da Sektorowski. "Harrigarritzat" jo du Espainiak "indarkeria amaitu dela ziurtatu ostean" presoen gaiari ez ekitea, eta azpimarratu du eguneroko bizimodua "izugarri" aldatu dela Euskal Herrian, nahiz eta erantsi duen "egiturazko indarkeriak" badirauela.
Prozesua, "une delikatuan"
Euskal Herriko kasuaz aritu da Brian Currin abokatua. Haren arabera, prozesua "une delikatuan" dago, argudiatuta "asko" egin dela baina egiteko asko falta dela. Gizarte zibilaren garrantziari erreparatu dio: "Euskal herritarrak gai badira euren desadostasunak gainditzeko, horrek lagunduko du prozesuak aurrera egin dezan". Gainera, kexu azaldu da Espainiako Gobernuarekin nahiz nazioarteko komunitatearekin: lehenengoaz, esan du ez duela "jarrera eraginkorra" izan, eta huts egin diela euskal eta espainiar gizarteei; bigarrenaz, "ekarpen handiagoa" egin zezakeela eta ez duela Madril "behar beste estutu".
Bestalde, armagabetze prozesuetan gizarte zibilak izan dezakeen egitekoaz hitz egin dute Veronique Dudouet Berghof Foundationeko kideak eta Kristian Herbolzheimer Conciliation Resourcesen Kolonbiarako ekintzen arduradunak.
Antzokiko atarian, adierazpenak egin ditu Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak. Haren ustez, gizarte zibilaren lidergoa "ezinbestekoa" da gatazkaren ondorioen konponbiderako: "Euskal gizarteak aurrera atera behar du prozesua, gobernuei begira egon gabe".
ETAk armategien zigilatze prozesua hasi zuela iragarri zuen 2014ko otsailean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gainbegiratuta. Baina ordutik prozesua «oso motel» garatu dela azaldu du Dufauk: «Egoera honetan, irtenbideak bilatu behar dira estatuen blokeoa gainditzeko eta ETAk zentzuzko denbora tarte batean armagabetzea gauzatu dezan». Halaber, azpimarratu du funtsezkoa dela Euskal Herriko gizarteak bake prozesuari «arnasa eta bultzada berri bat» emateko duen betekizuna.
2013ko martxoan antolatu zuten bake prozesua bultzatzeko lehen Foro Soziala Lokarrik eta Bake Bideak. Nazioarteko adituen iritziak eta herritarren ekarpenak aintzat harturik, hainbat gomendio proposatu zituzten. Gerora, beste bi Foro Sozial antolatu dituzte presoen etxeratzearen, giza eskubideen eta gizarte zibilaren parte hartzeari buruz.