Sanduzelai, Buztintxuri eta Orkoiengo eskoletako ikasleei euskaraz ikasten jarraitzeko aukera eman ahal izateko, D ereduan arituko den institutu bat eraikiko du Nafarroako Gobernuak Iruñeko Sanduzelai auzoan. Hala, Biurdana institutuaren masifikazioa amaitu nahi du. 2018tik aurrera, horrek Arrotxapeko Patxi Larrainzar ikastetxekoei bakarrik eskainiko die derrigorrezko bigarren hezkuntza, eta batxilergoan jasoko ditu Sanduzelaiko institutu berriko ikasleak. Ikastetxe berriaren proiektuak Biurdana institutuaren hezkuntza komunitatearen babesa du: zuzendaritza, klaustroa eta ikasleen guraso elkarteak.
Lanak 2018rako dira amaitzekoak, eta, hala, Biurdana institutuak dituen toki arazoak konpondu nahi dituzte. Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak azaldu duenez, 4.300 metro koadroko eraikin berriak 18 ikasgela izango ditu. Helburu horrekin bost milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Hezkuntza Departamentuak.