Hauteskundeak

D3M eta Askatasunaren zerrendak inpugnatuko dituztela iragarri du Ramon Jauregik

PSOEk Madrilen duen talde parlamentarioko idazkari nagusiaren esanetan, Baltasar Garzon epaileak informazioa ematen badu hauteskunde zerrenda batzuen sorreraren atzetik Batasunaren berrantolatzea dagoela erakusteko, orduan Fiskaltzari eta Auzitegi Gorenari "lagungarria" izango zaio, bere gobernuak aurkeztuko duen inpugnaziorako.

2009ko urtarrilaren 27a
22:41
Entzun
Martxoaren 3an Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeei begira D3Mk eta Askatasunak aurkeztutako zerrendak inpugnatu egingo dituztela iragarri du gaur Ramon Jauregik, Radio Euskadiri goizean eginiko adierazpenetan.

PSOEk Madrilen duen talde parlamentarioko idazkari nagusiaren esanetan, Espainiako Auzitegi Nagusiko epaile Baltasar Garzonek informazioa ematen baldin badu hauteskunde zerrenda batzuen atzetik Batasunaren berrantolatzea dagoela erakusteko, orduan Fiskaltzari eta Espainiako Auzitegi Gorenari "lagungarria" izango zaio, bere gobernuak aurkeztuko duen inpugnaziorako. "Zigor prozesuan, Garzonek informazioa ematen badu erakusteko Batasunaren berrantolatzea dagoela hauteskunde elkarte baten, hauteskunde bilgune baten edo ustez anonimoak diren boto emaileen hautagaitzaren ardatzean, orduan horrek lagundu egingo du Fiskaltzak eta Auzitegi Gorenak onar dezaten guk aurkeztuko dugun inpugnazioa".

Jauregik azaldu du, "ikusten ari garen informazioak ikusita", berak esan dezakeela "Espainiako demokraziak, Fiskaltzak, Gobernuak, Estatuaren Abokatuak eta abarrek auzitegiei eskatuko dietela hautagaitza horiek hauteskundeetan ez agertzeko eskatzeko".

Espainiako Estatuko fiskal nagusi Candido Conde Pumpidok atzo jakinarazi zuen "ahal duena" egingo duela ezker abertzaleak bultzatutako zeinahi zerrendari martxoaren 1eko bozetarako bidea ixteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.