D3Mk bere boto paperarekin bozkatzeko eskatu die herritarrei

Gaur arratsaldean argitu dute zein boto eskatuko duten Demokrazia Hiru Milioi ezker abertzaleko plataformako kideek. "Baleko milaka boto, urrezko botoak izango dira, 'zero demokrazia'-tik euskal nazio osorako demokraziara igaro ahal izateko". Goizean, Arabako zerrendako hautagaiek esan dute "Espainian demokraziarik ez" dagoela eta "ezker abertzalea deuseztatzeko estrategia martxan" dagoela. Ondorioz, "ideiak debekatzen eta hautagaiak espetxeratzen" direla salatu dute.

2009ko otsailaren 14a
09:27
Entzun
D3Mk bere boto paperarekin bozkatzeko eskatu die gaur arratsaldean herritarrei, Bilbon egin duen agerraldian. Hala, zein boto mota (abstentzioa, zuria, baliogabea, bestelakorik...) eskatuko duen argitu du ezker abertzaleko plataformak. Teknikoki baliogabea izango da, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hala izan dadila ebatzi duelako bart. Auzitegiak D3M eta Askatasuna balio gabe utzi ondoren, gaur goizean Iñaki Ullibarri D3Mko Arabako zerrendako bigarren hautagaiak adierazi du "martxoak 1eko hauteskundeetara aurkeztuko" direla.

Legez kanporatzeari ere aurre egingo dio ezker abertzaleko plataformak, Bilbon nabarmendu duenez. Bozkalekuetan bere izena daraman boto papera erabiltzeko deia egiteaz gain, Europako Batasunak Estrasburgon (Alsazia, Frantzia) duen auzitegian helegitea jarriko dutela jakinarazi dute D3Mko ordezkariek Bilbon gaur arrastirian egin duten agerraldian. "Espainiakoa ez da Zuzenbide Estatua, Desegite Estatua baizik", esan dute. Martxoaren 1eko bozearako beren plataforma eta Askatasuna alderdiaren zerrenda baliogabetu izana salatu du D3Mko ordezkari Julen Aginakok. Era berean, Espainiako Gobernuan den alderdia (PSOE) ere, eta gogor kritikatu du, baita "legez kanporatzeaz aprobetxatzen" ari diren alderdiak ere: "Ezker abertzalearen beldur dira, eta mozkina atera nahi dute", esan du ezker abertzaleko ordezkariak. Bereziki EAJko hautagai eta Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakari Juan Jose Ibarretxe kritikatu du Aginakok, eta gogorarazi egin dio ez zuela bere hitza bete herritarrei galdeketa egingo ziela iragarri zuenean.

Horiek hala, eta baliogabetzeak baliogabetze, D3Mren alde bozkatzeko eskatu du Aginakok: "Baleko milaka boto, urrezko botoak izango dira, 'zero demokrazia'-tik euskal nazio osorako demokraziara igaro ahal izateko", nabarmendu du.

Haren esanetan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ez ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak planteatutako betekizunak betetzen, "[auzitegian] ez dituztelako froga sendorik aurkeztu, ezta berme juridikoak errespetatu ere, eta oinarrizko eskubide bat, sufragio unibertsala, urratu dutelako".

D3Mko kideari jarraiki, ebazpena "polizia txostenen transkribapena" da.

Gainera, bihar Bizkaiko hiriburuan egingo den manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Demokrazia Orain lelopean D3M eta Askatasunaren baliogabetzeak eta "ezker abertzalearen kontrako jazarpena" salatzeko protesta jendetsua espero dute biharko. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da Aita Donostia plazatik, Basurtu auzotik, Autonomia kalean barrena segitzeko.

Gasteizko agerraldia

Goizean, Iñaki Ullibarrik Blanca Martinez de San Vicente Arabako hautagaiarekin batera agerraldia egin dute Gasteizen. Bertan, besteak beste, adierazi dute "ezker abertzalearentzat boza eskatuko" dutela, eta "D3Mko hautagaiak" direla eta "aurkeztuko" direla. Beste alderdi politikoek bezala "hauteskunde kanpaina egingo" dutela ere azaldu dute, "gure eskubidea delako". "Espainian demokraziarik ez" dagoela eta "Euskal Herriak konstituzioan eta esparru autonomikoan lekurik ez" duela gaineratu dute. "Ezker abertzalea deuseztatzeko estrategia martxan" dagoela gogorarazi dute eta, ondorioz, "ideiak debekatzen eta hautagaiak espetxeratzen" direla.

Hauteskunde kanpainari dagokionez, "norbanakoaren eskubideak eta eskubide kolektiboak aldarrikatzeko parte-hartze handia" espero dute. Horren ildora, "aldaketa demokratikoaren beharra adierazteko hautestontzietara jende uholdea" joan dadila desio dutela aipatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.