Joan den asteartean Demokrazia 3.000.000 (D3M) hautesle elkartearen jarduera debekatu ostean -Askatasuna alderdi politikoarena ere bai-, astebururako antolatuta dauden hamabost bat ekitaldi galarazi ditu Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, ekitaldiak plataforma horrek antolatutakoak direlakoan.
Dignidad y Justicia elkarteak eskatu zuen ekitaldi horiek galaraztea, eta eskariari baiezkoarekin erantzun zion Auzitegi Nazionaleko epaileak. Garzon erietxera eraman zuten atzo antsietate krisi batek jota eta tentsioa goian zuela. Hori baino lehen debekatu zituen ekitaldiak. Gaur eguerdian eman diote alta medikua Garzoni.
Ekitaldiak zeintzuk diren ez dute zehaztu berria zabaldu duten agentziek, baina mitinak, herri afariak, propaganda banaketa eta antzekoak daudela diote.
Joan den astean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi zituen D3Mren eta Askatasunak martxoaren 1eko Eusko Legebiltzarrerako bozetarako aurkeztutako hauteskunde zerrendak.
Adierazpenak Gasteizen gaur
Iñaki Ullibarri eta Blanca Martinez de San Vicente Arabako D3Mko zerrendakideak Gasteizen adierazpenak egin dituzte gaur eguerdian, Martxoaren 3 Plazan, eta Ertzaintzak ez du jakinarazi ekitaldi hori debekatua zegoen edo ez.
"Ezker abertzaleari emandako boto bakoitzak egundoko balioa izango du eta aldaketa demokratikorako aukera emango zaio", esan du Martinez de San Vicentek.
Errepresioa jaso izan duten hainbat herritarrek, berriz, "demokraziaren aldeko botoa" emateko galdegin dute, "gatazka lehenbailehen gainditu ahal izateko".
D3Mren asteburuko hamabost ekitaldi debekatu ditu Garzonek
Antsietate krisiak jota eta tentsioa goian zuela erietxera joan aurretik hartu ditu neurriok Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak -gaur eman diote alta-. D3Mko kideek agerraldia egin dute Gasteizen gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu