2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan D3M hautagaitzaren aldeko propaganda egiteagatik "hauteskunde delitua" egitea egotzita epaitu zituzten Donostian 25 lagun. Horietatik 21en kontrako zigor eskaerak erretiratu egin zituen fiskalak urriaren 16an, eta gainerako laurentzat ere hauteskunde delituaren akusazioa erretiratu egin zuen, baina desobedientziarena mantendu.
Donostiako 5. Zigor Auzitegiak guztiei absoluzioa ematea ebatzi du. Epailearen arabera, ez da frogatu auzipetuek haiei inputatutako delituak egini izana. Gainera, lekuko gisa deklaratu zuen ikuskatzaile baten deklarazioa ikertzeko eskatu du epaileak, gezurrezko testigantza eman ote zuen aztertzeko.
Epaiketaren hasieran auzipetuek salatu zuten "eskubideak aldarrikatzeagatik" eraman zituztela auzitara. Izan ere, 2009ko martxoaren 1ean —hauteskunde eguna zen— identifikatu egin zituen Ertzaintzak, eta haietako bi atxilotu. D3Mren hautagaitzak legez kanpo utzi zituen Espainiako Auzitegi Gorenak, eta, Nerea Rekondo auzipetuak gogora ekarri zuenez, "aldarrikapen eta elkartasun egun gisa" hartu zuten egun hura askok. Ertzaintzak egun hartan izandako jarrera salatu zuen, eta bozetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu baino ez zutela egin adierazi.