Frantziako Poliziak aske utzi ditu gaur arratsaldean Dabid Bachacou, Arkaitz Tonerre, Joel Zurutuza eta Iker Edme, eta haiek bezala atzo Lapurdin atxilotutako beste lau gazteek polizia etxean jarraitzen dute; hots, Mattin Olzomendi, Peio Hirigoien, Xabi Hirigoien eta Peio Elizerik. Higiezinen salmentarako bulegoen eta, oro har, interes turistikoen kontrako erasoetan parte hartzea leporatzen diete.
Bachacou Kanbon atzeman zuten, Tonerre eta Olzomendi Ziburun, Zurutuza Donibane Lohizunen, Edme Azkainen, Hirigoien anaiak Hazparnen eta Elizeri Angelun.
Hirigoien anaiak eta Elizeri Paueko polizia etxean dituzte eta Olzomendi Baionakoan.
Poliziak Hazparnen EHZ Euskal Herria Zuzenean festibalaren egoitza nagusia miatu zuen, halaber. Olzomendi festibaleko liberatua da, eta 11:30etik aurrera bi orduz miatu zuten lokala. EHZ Ipar Euskal Herriko gazteek azken urteetan abian jarritako ekimen sendoenetakoa da, eta urtero milaka lagun biltzen ditu uztail hasieran. Gainera, kulturgintzarekin eta herrigintzarekin zerikusia duten hainbat proiektu sustatzeko bidea da.
Azkeneko urtebetean Ipar Euskal Herrian egindako antzeko bosgarren polizia operazio izan da. Operazio horietan guztira 33 lagun atxilotu dituzte eta horietako lau espetxean daude ekainetik.
"Gazte independentisten aurkako polizia operazioak Euskal Herrian etenik gabe ematen ari garela ikus dezakegu, eta horrekin Frantziako eta Espainiako gobernuek belaunaldi berrien aurka duten obsesioa agerian gelditzen da", salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka ezabatu nahi dute, eta bide horretan garrantzia berezia ematen diete borroka honetara belaunaldi berriak lotu ez daitezen".
Gaur ere mobilizazioak egingo dituzte: Baionan 18:30ean, eta Azkainen, Donibane Lohizunen, Kanbon eta Beskoitzen 19:00etan.
atxiloketak
Dabid Bachacou, Arkaitz Tonerre, Joel Zurutuza eta Iker Edme askatu egin ditu Frantziako Poliziak
Mattin Olzomendi, Peio Hirigoien, Xabi Hirigoien eta Peio Elizerik Poliziaren esku segitzen dute. Atzo atzeman zituzten, kale erasoak egitea egotzita. Azken urtean Iparraldean egindako antzeko bosgarren polizia operazio izan da; denera 33 lagun atxilotu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu