politika

Dagoeneko egin daiteke 'sortzaile'

Izena ematen duena orain alderdiaren sorrera prozesuko partaide izango da. Azaroko biltzar eratzailearen ostean bihurtuko da 'sortzaile' ofizialki.

2012ko ekainaren 29a
16:38
Entzun

Sortu ezker abertzaleko alderdiak azaroan egingo du biltzar eratzailea, baldin eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez badira aurreratzen. Afiliatuak (sortzaileak) kongresuaren ondoren izango ditu ofizialki, baina Sortuk dagoeneko jarri du jendea sortzaile egiteko modua Interneten ere.

Orain sortzailea alderdiaren sorrera prozesuko partaide izango da, eta horrek aukera emango dio bere herri/hiri/auzoko eztabaidetan eskubide osoz parte hartu eta erabakietan bozkatzeko. Era berean, alderdiaren webgunean sortzaileentzat bereziki egongo den gunean aritzeko aukera izango du.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak joan den ekainaren 20an legezko jo zuen ezker abertzaleko alderdia, Gorenaren debekua atzera botata. (auziari buruzko BERRIAren gunea)

"Sortuk Euskal Herria batu, independente, sozialista eta euskaldunarekin bat egiten duten guztien bilgune politikoa izan nahi du. Tresna berri hau osatzeari begira eztabaida prozesua martxan jarri dugu eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dizugu, zu zeu Sortzaile bilakatuz", dio alderdiak bere webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.