Indarkeria

Dagoeneko zortzi gazte atxilotu dituzte Zornotzako jipoiarengatik

Preso hartuetako bost adin txikikoak dira. Jipoia pairatu zuen gazteak larri jarraitzen du erietxean.

Istiluengatik protestan Zornotzan aste hasieran eginiko elkarretarazea. BERRIA
Edu Lartzanguren - Nerea Lauzirika
2021eko uztailaren 29a
09:30
Entzun

Zortzi gazte atxilotu ditu Ertzaintzak, joan zen igandean Zornotzan gertaturiko istiluetan beste gazte bati emaniko jipoian parte hartu zutelakoan. Atxilotuetako bost adin txikikoak direla esan du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Edonola ere, hiruk 16 urte baino gehiago dituzte, eta, beraz, zigortuak izateko adinean daude.

Ertzaintza lan egiten ari da jipoian parte hartu zuten gainerakoak identifikatzeko. Atzo atxilotu zituzten gazteetako hiru, eta gaur goizaldean beste hiru.

Jipoituriko gaztea larri dago, Gurutzetako ospitalean.

Joan den asteburuan, istiluak izan ziren herriko hainbat tokitan Zornotzan (Bizkaia), eta hiru lagun zaurituta eraman zituzten ospitalera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du litekeena dela «gorroto delitua egotea erasoa jasan duten zenbaiten ezaugarrien aurka, eta onartezina da». Zupiriaren esanetan, bizikidetzaren eta pertsonen duintasunaren aurkako gertaera batzuk dira, eta «irmotasun osoz» egin behar da halako erasoen aurka.

Salatu dutenez, gazte hori jipoitu egin zuten jende askoren arteko borroka batean, igande gauean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera. Jauregibarria inguruan gertatu zen istilua, eta buruan eman zizkioten kolpeengatik konortea galduta eraman zuten gaztea Gurutzetako ospitalera.

Erasotzaileek, gainera, grabatu egin zuten jipoia, eta bideoa sare sozialetan zabaldu; irudietan, ikus daiteke herriko beste zenbait tokitan ere istiluak sortu zituztela.

Asteburuko istiluetako bat Luis Urrengoetxea kalean gertatu zen: borroka bat izan zen bi kuadrillaren artean, eta kristalezko botilak ere jaurti zituzten. Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu ziren, eta mutil bat atxilotu zuten. Gero ere izan ziren beste zenbait istilu, lehenengo borroka hartan parte hartu zuten kuadrilletako bat tartean zela.

Kondor industrialdean gizon batek neska bat konorterik gabe utzi zuen, ukabilkada batez, eta erasoa jasan zuena ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, baina, hurrengo goizean autoaren bila joan zenean, berriz ere istiluak izan zituen han zeuden hainbat gazterekin. Aurreko gauean atxilotutako gizonak berak haietako bat jipoitu zuen, eta, aurpegian zauri larriak zituela, ospitalera eraman behar izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.