Aniztasunaren aldeko aldarrikapen eta festa eguna egingo du ekainaren 1ean Euskal Herria 11 Kolorek Donostian. Bai aniztasunari! Gora aniztasuna! izango da leloa: "Aldarrikapen martxa nazionala eta parte hartzailea izatea nahi dugu. Bada garai herri gisa aniztasunaren alde ohiu egiteko", adierazi du Xabier Mendiguren Bereziartu bozeramaileak. Danbor martxa izango da ekitaldi nagusia.
Gaur goizean eman dituzte jai egunaren inguruko xehetasunak. EH 11 Kolore ekimeneko ordezkariekin batera, agerraldian izan dira Fernando Bernues Donostia 2016ko zuzendari artistikoa, Oreka Tx taldeko kide Igor Martinez de San Vicente, Olatz de los Santos dantzaria eta Iñigo Egia perkusio jotzailea. Mendigurenek gogorarazi du Euskal Herria beti izan dela herri askotariko bat. "Jatorri anitz dituen herri bat gara, eta etorkizun berbera duena. Euskal jendartearen asimiliazio edo zatiketa juridiko, ekonomiko, kultural edo jatorrizkoak bilatzen dituzten jarrerak alde batera uzteko unea da". Krisi garaian behar hori are handiagoa dela nabarmendu du: "Egoera latz honetan, jendearen izaera irekia, integratzailea eta elkartasunez beterikoa izan behar du".
Aniztasun eta elkartasun hori bultzatzeko asmoz sortu zen EH 11 Kolore, eta hori sustatu eta indartzea izango da ekainaren 1eko ospakizunaren xedea. "Aldarrikapen eguna izango da, baina baita ere elkar hobeto ezagutzeko eta elkarrekin izateko eguna. Azken batean, Euskal Herriaren aniztasunaz gozatzeko eguna".
Danbor martxa izango da eguneko ekitaldi nagusia. "Ez dago hizkuntza unibertsalagorik perkusioa baino. Ez dago musika tresna askotarikoagorik danborra baino. Ez dago herririk danbor barik. Musika tresna honek bat egiten du aniztasunarekin eta herrien kultur sustraiekin. Gainera, ez dezagun ahaztu Donostia danborren eta danborradaren hiriburua dela". Hala, dei egin diete norbanako nahiz elkarte zein taldeei danborrarekin bertaratzeko.
Martxa 17:30ean abiatuko da, Alderdi Ederreko lorategietatik, eta Donostia erdialdeko kale nagusiak igaroko ditu. Aurretik perku-flashmob bat egingo dute. Horretarako Atanbora izeneko perkusio pieza osatu dute Martinez de San Vicentek, De los Santosek eta Egiak. Dagoeneko ikusgai dago Youtuben, eta egun horretarako ikastera deitu dute.