Azpeitian (Gipuzkoa) datorren San Sebastian bezperako danborradan -urtarrilaren 19an-, herriko plazan "euskal gatazkako sufrimendu guztiengatik" minutu bateko isilunea gordetzea eta danbor taldeek elkarrekin, une horretan, Konponbidea. Elkarrizketa. Euskal Herria. Hitza eta erabakia. Bakea leloa izango duen pankarta zabaltzea proposatu zien lehengo asteazkenean Iñaki Errazkin alkateak taldeei, eta, uztarria.com-ek jakin duenez, hauek ontzat jo dute.
Hain zuzen, atzo 20:00etatik aurrera egin zuten horri buruzko bilera danbor taldeek eta Udalak, udaletxean. Julian Kortajarena (EAJ) eta Mikel Ibarzabal (EA) zinegotziak ere joan ziren batzarrera.
Urola Kostako Hitza-k aurreko astean aurreratu zuen danborradako taldeetako ordezkariek "oso ondo" hartu zutela proposamena. Azkeneko egunetan horiek euren kideekin hitz egin dute, eta eman dute erantzuna: balekoa. Bi urte barruko danborradaz ere hitz egin dute talde batzuek, "politika" alde batera utzi beharko litzatekeela esanez.
Inazio Uria enpresaburuaren hilketak herrian "atsekabea eta samina" sortu duela dio Udalak eta, hala, "festetan ere azpeitiarren bizikidetza sustatzeko" egin du proposamena. ETAk hil zuen Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa, abenduaren 3an, Azpeitian.
Aipatutako ekimena izango da San Sebastian bezperan plazan egingo den ekimen bakarra, oraingoan ez dutelako presoen eskubideen aldeko agiririk ez irakurriko.
Danbor taldeek onartu dute Azpeitiko alkateak San Sebastian bezperarako egindako proposamena
Minutu bateko isilunea gordetzeaz gain, bakearen eta konponbidearen aldeko aldarria egingo dute. Lehengo astean proposatu zien Iñaki Errazkinek, eta taldeek atzo gaueko bileran jo zuten ontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu