Osasuna

Darpon: "Onkologikoa ez dugu alde batera utziko, baina ez da publiko bihurtzeko garaia"

Onkologikoarekin sinatutako bost urteko ituna azaldu du Jon Darpon Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean; EH Bilduk leporatu dio ituna gorabehera ekonomikoen araberakoa izatea, eta sare publikoaren barruan txertatzeko eskatu du.

Jon Rejado.
2014ko martxoaren 3a
07:58
Entzun

Jon Darpon Osasun sailburuak Kutxa Fundazioarekin sinatutako Onkologikoari buruzko hitzarmena defendatu du Eusko Legebiltzarrean. Itunpeko harreman hori irtenbide onena dela berretsi du, bai Onkologikoaren egonkortasuna bermatzeko, bai osasun sistema publikoa hobetzeko. "Ez dugu alde batera utziko Onkologikoa, baina ez da publiko bihurtzeko garaia".

Halaber, Darponek argitu du 2013ko abenduaren 19an sinatutako itunaren bitartez Onkologikoaren "integrazio funtzionala" egiteko zenbait pausu eman dituztela. Besteak beste, zenbait zerbitzutan Donostiako Unibertsitate Ospitaleko eta Onkologikoko itxarote zerrenda batzuk bateratzeko prozesua abiarazi dutela azaldu du, baita bi erakundeen artean informazioa trukatzeko bideak erraztu ere, gaixoen historia klinikoaren bidez, besteak beste.

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak sailburuaren agerraldia eskatu du Kutxa Fundazioaren eta Osasun Sailaren arteko hitzarmenari buruz galdetzeko. Itunean zehaztutako aurrekontuarekin -23,1 milioi euro 2014 urterako, eta 115,8 milioi euro urteko eperako- beste kudeaketa bat posible litzatekeela gaineratu du.

Dena den, datuak datu, nabarmendu du ez duela Onkologikoaren finantzazio egonkorra bermatzen, zerbitzuen araberako hitzarmena baita. "Itunak ez ditu gaixoak bertara bideratzeko protokolorik zehazten, eta, horrenbestez, ez zaio gutxieneko lan karga bermatzeko", zehaztu du Uberak. 

Darponek itunpeko eredua defendatu du, eta gogorarazi du instituzio publiko guztietan hitzarmenak sinatzen direla. Halaber, zehaztu du Osakidetzaren barruko ospitaleek ere ez dutela aurrekontua bermatuta, eta aurrekontuaren araberakoa dela.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.