Datorren astean egitekoa zuten greba bertan beheiti uztea erabaki dute Ambuibericako langileek

Astebeteko grebara deitua zuen ELA sindikatuak uztailaren 20tik 27rako, baina, enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu ostean, bertan beheiti uztea erabaki dute. Bertzeak bertze, langileei koronabirusaren testa egitea eta Norbera Babesteko Ekipamenduak izatea lortu dute. 

Larrialdiko anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2020ko uztailaren 16a
13:03
Entzun

Ambuiberican uztailaren 20tik 27rako antolatua zuen greba bertan beheiti uztea erabaki du ELA sindikatuak, enpresarekin adostasuna lortu ondotik. ELAk grebara deitua zuen, enpresari eskatzeko bete ditzala Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiak eta Lan Ikuskaritzak  langileen osasunari eta prebentzioari buruz argitaratutako ebazpenak. Enpresa horrek 900 langile ditu, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan anbulantzien sektorean langile gehien dituen enpresa da. 

ELAk aurreratu duenez, enpresarekin hitzartutako akordioan lortu dute langileek Norbera Babesteko Ekipamenduak izatea, langileei koronabirusaren probak egitea eta arropa erabilien desinfekzio lana bertze enpresa baten esku uztea. Gainera, langileen bulegoak astero desinfektatzea adostu dute, eta segurtasunari eta arriskuari buruzko komunikazio protokolo bat sortuko dute. 

Uztailaren 2an jakinarazi zuen ELAk grebara joko zuela langileen osasuna berma dadila eskatzeko. Orduan salatu zuen ELAk Lan Ikuskaritzak «behin eta berriz» abiatu dituela txostenak langileen osasunarekin eta arriskuen prebentzioekin lotuta, eta langileen aldeko ebazpenak eman zituela. Horrez gain, anbulantziak publiko bihurtzeko ere eskatu zioten Osasun Sailari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.