Datorren asteazkenean, hilaren 17an, jakinaraziko du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren auziko epaia. Auzitegiko iturriek baieztatu dutenez, epaiaren irakurketa publikoa egingo dute asteazkenean Madrilgo Casa de Campon, epaiketa egin zen leku berean. Auzipetuak dagoeneko han izateko zitazioa jasotzen ari dira.
Amnistiaren Aldeko Batzordeetako, Askatasuneko, Behatokiko eta Senideetako kideak epaitu dituzte AAMren kontrako auzian, eta 10 urtetik 13ra bitarteko espetxe zigorrak eskatzen ditu fiskalak haientzat. 13 urteko zigor eskaera egin zuen Aitor Jugorentzat, Juan Mari Olanorentzat zein Julen Zelarainentzat. Hamarna urtekoa Gotzon Amarorentzat, Gari Arriagarentzat, Alex Beaskoarentzat, Jon Imanol Beaskoarentzat, Josu Beaumontentzat, Maite Diaz de Herediarentzat, Aratza Estonbarentzat, Ainhoa Irastortzarentzat, Julen Larrinagarentzat, Maite Mendezentzat, Txema Olabarrietarentzat, Jagoba Terronesentzat, Jorge Txokarrorentzat, Iker Zubiarentzat, Gorka Zulaikarentzat, Xabin Juaristirentzat, Iñaki Retarentzat, Asier Virumbralesentzat, Julen Arzuagarentzat, Iñaki Loizagarentzat, Juan Antonio Madariagarentzat eta Ixone Urzelairentzat.
AAMko buru izanda, «erakunde armatuko buru» izatea egotzi die Olanori, Jugori eta Zelaraini Carlos Bautista fiskalak, eta AAMko kide izanda «erakunde armatuko kide» izatea gainerako hamar lagunei.
Apirilaren 21ean abiatu zuten epaiketa eta ekainaren 18an amaitu. Akusatuek aurrenengo egunean onartu zuten beraiek AAMko kide zirela. Kasu askotan harro daudela gaineratu zuten. Horixe izan zen fiskaltzak epaiketan frogatu ahal izan zuen gauza bakarra, eta nahikoa iruditu zitzaion kartzela zigorra eskatzeko.
Errepresioa dagoen bitartean AAM ere egon egingo dela ohartarazi zioten auzipetuek Auzitegi Nazionaleko tribunalari.
Politika
Datorren asteazkenean emango du Auzitegi Nazionalak AAMren auziko epaia
Auzipetuak han direla irakurketa publikoa egingo dute, Madrilgo Casa de Campon, epaiketa egin zen egoitza berean. 10 urtetik 13ra bitarteko zigorrak eskatu zituen Fiskaltzak 24 lagunentzako, Aministiaren Aldeko Mugimenduko, Askatasuneko, Behatokiko eta Senideetako kideak zirelako "erakunde armatuko" kide izatea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu