Datorren asteko lanuzteak direla eta, auzitara joko du Bilboko Metroak

Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuen arabera, sei tren ibiliko dira noranzko eta ordu bakoitzeko

Alde batean tren bat Metroaren Portugaletako geltokira iristen; bestean, bidaiariak zain. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gabon gauean lan egin behar izateagatik, datorren asterako langileek iragarrita dauzkaten lanuzteak «legez kanpokoak» direla uste du Bilboko Metroko zuzendaritzak. Hala, auzitara joko dute. Ernesto Gasco presidenteak eman zituen, atzo, horretarako arrazoiak: «Bitartekariaren txostenak dioen moduan, ez dago lan gatazka bat. Izan ere, Gabon gauean lan egiteagatik ez da lan hitzarmena apurtzen. Ez dago eztabaida ekonomikorik ere, eta lan ordutegirik ez dugu gehitu». Hala, langileei gogorarazi zien «legez kanpoko» lanuzteak egiteak «ondorioak» izango dituela. «Badakigu, auzitara jotzen badugu, epaia lanuzteak egin ostean iritsiko dela. Baina Lezamako istripuaren ondorioz langileek egindako lanuztearekin gertatu zen bezala, ondorioak izango dituzte». Dena den, negoziatzen jarraitzeko borondatea dutela esan zuen, eta astelehenean beste bilera bat egiten saiatuko direla langileen ordezkariekin.

Gascoren esanetan, langile batzordean «gehiengo estua» duten hiru sindikatuk antolatu dituzte lanuzteak, eta arduraz jokatzeko eskatu die. «San Tomas gisako egun batean lanuzteetara deituz, langile batzordearen zati bat erabiltzaileak zigortzen ari da, haiei xantaia egiten. Baina ez dezatela ahantz erabiltzaileek ordaintzen dietela soldata».

Gabon gauean metro zerbitzua martxan izanda, zuzendaritzak nahi duena bidaiariei ahalik eta zerbitzu «onena» ematea dela nabarmendu du Gascok: «Bizkaiko Batzar Nagusietan egindako proposamenari erantzun nahi izan diogu. Baina horren aurka langile batzordearen zati baten jarrera itxi, arduragabe eta irrazionalarekin egin dugu topo».

Hala, Gabon gauean lan egiteko borondatea azaldu duten langileak «presioak» jasaten ari direla salatu du. «Egungo krisi garaian are zilegiagoa iruditzen zaigu haien jokabidea. Izan ere, zortzi ordu lan egiteagatik 500 euro irabaziko dituzte». Langileei babes osoa azaldu die.

Gainera, gogorarazi du bitartekariaren txostena alde dutela. «Txostenak dio zilegia eta bidezkoa dela halako egunetan enpresa publiko batek herritarrei zerbitzua eskaintzea».

Hori kontuan hartuta, negoziatzen jarraitzeko prest daude. «Uste dugu Gabon gauean metro zerbitzua egon behar duela, eta hasierako proposamenetik abiatuta, bi aldeak asebeteko gaituen konponbide bat topatu nahiko genuke. Akordiorik egon ezean, beste aldea izango da ondorioen arduraduna».

EKA Euskal Kontsumitzaileen Antolakundearen arabera, «gehiegizkoak eta bidegabeak» dira lanuzteak. «Azken batean, zigor bat dira erabiltzaileentzat». EKAren ustez, halako jai egunetan garraio publiko guztiak funtzionatu behar du. «Betiere, zerbitzuen maiztasuna aurreikusitakojende mugimendura egokituta». Horretarako langile batzordearen eta zuzendaritzaren arteko akordioa behar dela gogorarazi du EKAk. Beraz, «hausnarketa egiteko» eskatu die sindikatuei. «Ahalegindu daitezela enpresarekin dituzten desadostasunak konpontzen, beraien eskubideak defendatuz eta bidaiarienak urratu gabe».

Langileek, beren aldetik, datorren astean lanuzteak egiteko asmoari eusten diote. Haiek azaldutakoaren arabera, Gabon gauean lan egin behar izatea ez da zuzendaritzarekin sinatuta daukaten lan hitzarmenean jasotzen. «Lan egiteko erabakia hartzerakoan,gainera, zuzendaritzak ez zuen langileon iritzia kontuan hartu». Halaber, gau horretan izaten diren mugikortasun beharrei buruzko ikerketa bat eskatu dute. «Datuek hala erakusten badute,gau horretan bidaiariek metroaren zerbitzua izateko bitartekoak jarri beharko dira».

Gutxiengo zerbitzuak

Eusko Jaurlaritzak lanuzteak izango diren egunetarako gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Horien arabera, sei tren ibiliko dira noranzko eta ordu bakoitzeko. Salbuespena San Tomas eguneko arratsaldea izango da. Egun horretarako bi orduko lanuztera deitu dute, 18:00etatik 20:00etara. Bi ordu horietan, bost tren ibiliko dira noranzko eta ordu bakoitzeko. Eguberri Egunean, berriz,00:00etatik 10:15era, tren bat ibiliko da, noranzko eta ordu bakoitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.