'18/98 auziko' epaiketa

Datorren astelehena baino lehen erabakiko du Eusko Jaurlaritzak epaiketara ikuskatzaileak bidali ala ez

Joseba Azkarraga Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza sailburuak gaur ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzak datorren astelehenean '18/98 auziko' epaiketa berriz hasi aurretik, erabakiko du epaiketara ikuskatzaileak bidali ala ez. Azkarraga "kezkatuta" agertu da prozesuaren bilakaeraren inguruan. Justizia sailburuak azaldu duenez, "defentsarako eskubidea dago jokoan eta oinarrizko eskubide hori babestu eta bermatu egin behar da".

2006ko urtarrilaren 10a
17:32
Entzun
Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian Joseba Azkarraga Justizia, Enplegua eta Gizarte Segurantza sailburuak '18/98 auziko' epaiketaren inguruan egin ditu adierazpenak: "Defentsarako eskubidea dago jokoan eta oinarrizko eskubide hori babestu eta bermatu egin behar da". Era berean, adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak hiritar guztien eskubideak babesteko betebeharra du, baita Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren hiritarrenak ere".

Madrilgo Casa de Campon, Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitza berezian burutzen ari da '18/98 auziko' epaiketa. Azkarragak adierazi duenez, datorren astelehena baino lehen –ordun hasiko baita berriro epaiketa– erabakiko du Eusko Jaurlaritzak epaiketara ikuskatzaileak bidali ala ez. Hala ere, sailburuak azaldu duenez, epaiketa bideo konferentzia bidez egin dadin burututako eskariaren inguruan erantzuna jasotzeko zain daude erabakia hartu aurretik.

Azkarragak "kezkagarria" iritzi dio epaiketa egungo baldintzetan burutzeri: "Defentsak ezin izan ditu beharrezko hainbat dokumentu eskuratu eta nik uste dut epaimahaiak berak ere ez duela dokumentu horien gaineko kontrolik eta ez dakiela non dauden ere". Sailburuak ohartarazi zuen egoera honen aurrean norbaitek izan behar duela arduradun.

Divar prest agertu da Oleagarekin hitz egiteko

Carlos Divar Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidentea prest agertu da gaur Nazario Oleaga EAEko Abokatuen Kolegioko presidentearekin defentsako abokatuen eskaeren inguruan hitz egiteko. Hala ere, ohartarazi du auzia epaitzen ari den epaimahaiak izango duela azken erabakia , "askatasunez, independentziaz" eta bere esku hartzerik gabe. Divarrek azaldu duenez, oraindik ez du Oleagak berarekin biltzeko duen nahiaren berririk izan.

Divarren ustetan epaiketa normaltasunez gauzatzen ari da: "Aurreikusi beharreko hainbat gora-behera daude eta beste batzuk sortzen diren heinean konpondu beharko ditugu. Ez gaude kezkatuta. Gai hau konpondu behar dugu, baita etorkizunean sortuko diren beste batzuk ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.