Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitate titulazio dualek aitorpen ofiziala izango dute datorren ikasturtetik aurrera. Hamabost gradu eta zazpi master izango dira, eta ikasketak eta lantokiko formakuntza uztartuko dituzte. Mondragon Unibertsitateak hamabost titulazio eskainiko ditu, EHUk sei, eta Deustuko Unibertsitateak bat.
Aurreko ikasturteetan ikasketa eredu hori eskaintzen bazen ere, 2018-2019ko ikasturtean izango dute lehenengoz aitorpen ofiziala, Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren eskutik. 22 titulazio horiez gain, beste batzuk ere aitorpena eskuratzeko bidean daudela azaldu du Eva Ferreirak, Unibasqeko zuzendariak.
Gradu eta master dualek zenbait baldintza bete beharko dituzte: enpresetako formakuntzan gutxieneko kredituak izan beharko dituzte (graduetan kredituen %25-50 artean, eta masterretan %40); ikasketen amaierako lanak jasoko du enpresaren eta unibertsitatearen arteko elkarlana; ikaslearen ibilbidearen koherentzia bermatuko duen batzordea izango dute, enpresa eta unibertsitate ordezkariekin; eta, azkenik, enpresaren konpromisoak bermatuta egon beharko du: lantokiko tutorea, ikasleei egiten duten lanagatik ordaintzea...
Eskainiko diren titulazio dualak askotarikoak badira ere, gehienak (hamazazpi) ingeniaritza eta arkitekturarekin lotuta daude, eta beste bostak, gizarte eta lege zientziekin. Mondragon Unibertsitateak 204 toki eskainiko ditu, EHUk 157, eta Deustuko Unibertsitateak hamar. Toki horiek aitortzeko irizpideak unibertsitateek zehaztuko dituzte.