Agerraldia egin dute Donostian, azken asteotan jaso dituzten ekarpenekin osatu duten egitaraua ezagutarazteko. Bertan izan dira egitarau hori osatzen ekarpena egin dutenak eta gazte mugimenduaren nahiz herriko tabernen sumarioetan auzipetuetako batzuk.
Azaldu dute ugariak izan direla Konpromiso Eguneko egitaraua osatzeko jaso dituzten proposamenak. Hiru gune prestatuko dituzte datorren larunbaterako. Bulebarrean bi karpa jarriko dituzte, eta hirugarren gunea Trinitate plazan ezarriko dute. Bertan, bertso pilota saioa eskainiko dute.
Eguneko ekitaldi nagusia 13:00ean egingo dute; Baietz Bulebarra bete ekinbidea antolatu dute ordu horretarako. Helburutzat jarri dute Bulebar osoa milaka lagunez betetzea eta puxika laranjak puztea. Horretarako, dei egin diete herritarrei 11:30etik aurrera Bulebarrera joatera.
“Horixe izango da konpromisoa azaltzeko modua. Madrilen epaituak izan diren bederatzi [donostiar] auziperatuekiko elkartasuna adieraziko da. Madrilgo Auzitegi Nazionalean donostiar hauekin batera beren militantzia poltikoa epaitu da, eta urtetarako espetxeratze zigor mehatxupean daude", ohartarazi dute.