Euskal presoak Euskal Herrira. Xantaia gehiagorik ez! eta Biziarteko kartzelaldirik ez! Heriotz zigorrik ez! goiburuekin egingo dira larunbatean manifestazioak. Askatasunaren iritziz "edozein demokratak" sinatuko lituzkeen eskariak dira horiek eta horregatik espero dute "eskubide guztien alde sutsuki hitz egin edo benetan aritzen diren eragile guztiek" bat egingo dutela larunbateko mobilizazioekin.
Joxean Agirre eta Asier Virumbrales Askatasuneko kideek agerraldia egin dute gaur Donostian. Bertan, larunbateko manifestazioetarako deialdia egiteaz gain pasaden igandean Donostian egin zen manifestazioaren balorazioa egin dute. "Oso pozik" agertu dira euskal jendarteak deialdiari emandako erantzunarekin. "Milaka lagun egon ziren euskal preso politikoen eskubideen defentsan eta, oso bereziki, Iñaki de Juanaren egoerarekin arduratuta".
Pozik azaldu badira ere, hainbat komunikabideren jarrera salatu dute. Izan ere, Askatasunaren hitzetan "milaka herritarren exijentziari entzungor eginda, autobus baten erretzeari jarri diote arreta, herritarron manifestazio eta adierazpen eskubidea kriminalizatu nahian". Gatazaka negozio bihurtzea leporatu diete komunikabide horiei.
Donostiako alkatearen jarrera salatu dute
Odon Elorza Donostiako alkatearen "sentsibilitate bitxia" ere salatu du Askatasunak. Hain zuzen ere, Askatasunak gogorarazi du, autobusaren aurkako erasoa salatu zuela Elorzak baina ez zuela aipamenik egin "Boulevard-ean bertan bezperan Ertzaintzak larriki zauritu zituen bi donostiarrei buruz" ez eta, Iñaki de Juana, Txomin Troitiño eta Juan Jose Rego preso donostiarren egoeraren inguruan. "Zigorra beteta edo gaixorik egoteagatik kalean egon beharko lukete, baina beren egoerak ez du ikutzen Elorza jaunaren sentsibilitatea", salatu du Askatasunak.
PSOEri ere zuzendu zaio Askatasuna gaurko agerraldian. Batez ere, Maria Teresa Fernandez de la Vega, Espainiako Gobernuko presidenteordearen adierazpenak izan dituzte hizpide. Izan ere, Fernandez de la Vegak joan den asteburuan ziurtatu zuen "presoen hurbilketa ez dagoela une honetan mahai gainean". Askatasunak gaur azpimarratu du euskal presoen hurbilketak eta baita amnistiak ere agenda politikoan egon behar dutela "Euskal Herrian abiatu den konponbide prozesua blokeo egoeratik atera dadin".
Prozesua blokatzeari uzteko exijitu dio Askatasunak PSOEren gobernuari. "Herri honen erabaki ahalmena errespetatzea eta errepresaliatuak zapaltzen jarraitzea ez dira bateragarriak" gogorarazi dio. Beraz, Askatasunaren aburuz, lema kolpe sendoa behar du PSOEren jardunbideak.
Horien guztian aurrean, erantzun beharra dagoela azaldu du askatasunak eta mobilizazioak deitu ditu. Larunbateko manifestazioak honako ordu eta lekuetan izango dira:
Donostia, 18:00etan, Bulebarretik
Baiona, 17:00etan, Euskaldunen plazatik
Bilbo, 19:00etan, Bihotz Sakratutik
Iruñea, 17:30etan, Autobus geltokitik
Gasteiz, 19:00etan, Bilbo plazatik
Politika
Datorren larunbatean egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin du Askatasunak
Datorren larunbatean Bilbon, Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Baionan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dio gaur Askatasunak euskal gizarteari. Azpimarratu du presoen auziari irtenbidea ematea beharrezkoa dela prozesuak aurrera egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu