Marian Beitialarrangoitiak eta Oihana Zabaletak iragarri dutenez, datorren larunbatean Donostian egitekoa duten batzar irekian erabakiko dute inbestidura saiora lehendakarigairik aurkeztuko duten. Izan ere, zehatu dutenez, Elkarrekin Podemosekin eta EAJrekin egindako bileren emaitza koaliziokide guztiekin aztertu ondoren hartuko dute erabakia.
Dena den, berretsi egin dute "akordio zabalak" egiteko nahia, Euskal Herria Europara begira jartzeko modua ekarriko duten "proposamen handizaleak" helburu izanik betiere. "Gure helburua da herri hau beste jokaleku batera eramatea, menpekotasun harremanak amaituz eta gure etorkizuna eraikiz, gizartearen erabakien arabera betiere".
Lau puntu mahai gainean
Lehendakarigaiarena ez da izango, ordea, batzarrean mahai gainean izango duten eztabaidaigai bakarra. Horrez gain, egungo egoera politikoa ere aztertuko dute koaliziokideek, eta, hori oinarri hartuta, etorkizunari begirako konpromisoak zehaztuko dituzte.
Zabaletak adierazi duenez, EH Bildu "lehen lerroko protagonista" izango da datorren legealdian: "Horretarako jaio ginen, eta, horregatik, gure proiektua zentralitate politikoan jartzera goaz. Finean, herri honek behar dituen akordioak erdiesteko EH Bildurekin kontatu beharko dutelako".