Hurrengo ostegunean estreinatuko da, Euskal Herriko hiriburuetan, Jon Maia bertsolariak zuzendu eta Nazioen Munduak ekoitzitako dokumentala: Gazta zati bat. Trailerra jasoa du BERRIA.INFOk, eta ikusgai dago webgunean.
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zuten lehendabizikoz dokumentala, eta harrera beroa eduki zuen: bi emanaldietako sarrera guztiak saldu ziren, eta ikusleek 9,19ko puntuazioa eman zioten.
Datorren astetik aurrera Euskal Herriko zineman eta antzokietan izango da. Lehendabizi, Euskal Herriko hiriburuetan estreinatuko dute, eta gero herriz herri abiatuko da, Nazioen Munduaren ideia zabaltzeko asmoz.
Dokumentalean, besteak beste, Angel Oiarbide Nazioen Mundua elkarteko kidea mintzatzen da autodeterminazio eskubideaz: "Ez gara politikaz ari, eskubide batez baizik". Rufi Etxeberria, Juan Jose Ibarretxe eta Brian Currin ere agertzen dira bideoan. Adierazpenez gain, autodeterminazio eskubidearen alde Gipuzkoako Goierri eskualdean egin diren zenbait ekitalditako irudiak ere ikus daitezke.
Emanaldiak Euskal Herriko hiriburuetan
- Donostia: maiatzaren 10etik 13ra, 20:00etan. Trueba.
- Iruñea: maiatzaren 10ean, 20:00etan. Golem Baiona.
- Bilbo: maiatzaren 10ean, 20:00etan. Multicines.
- Gasteiz: maiatzaren 10ean, 22:30ean. Florida. Emanaldi horretako sarrerak jadanik salduta daude.