Josu Erkorekak zail ikusten du hastear den urtean autogobernu lantaldeak testu artikulatu bat argitaratu ahal izatea. Ordea, "denek ahalegina eginez gero", egitasmoari "bultzada handi bat" emateko aukera legokeela nabarmendu du. "Une honetan gure helburu nagusia da Autogobernu Lantaldeak bere oinarriak zehaztea". Hain zuzen ere, urtarrilaren 31ra arteko epea dute alderdiek testu artikulatu baterako proposamenak lantzeko.
Jaurlaritzako bozeramaleak gogorarazi du lanak hasi zituztenean alderdien arteko jarrerak elkarrengandik oso urrun zeudela, eta adostasun puntuak aurkitzeko bidea luzea izango zela. "Alde horiek ez dira egun batetik bestera berdinduko". Alde horretatik, ohartarazi du egun indarrean den estatutua zaharkitzen hasia dela, eta, beraz, beharrezkoa dela hura berritzea.
Bide batez, berretsi du Jaurlaritzak "bere esku dagoen guztia" egingo duela Madrilek eman beharreko eskumenak lehenbailehen bereganatzeko. "Onartezina da hainbeste urteren ostean itzuli beharreko eskumen kopurua horren handia izatea".
Erkorekaren esanetan, hala ere, eskumenen gaineko elkarrizketek eta aurrekontuei buruzkoek ez dute zerikusirik: "Eskumenei buruzko erabakiak instituzioen artean adostu behar dira, eta ez alderdien artean".