AHT

Datorren urtean hasiko dira Donostiako AHTren geltokia eraikitzen

Egungo tren geltokiari bi solairu gehituko dizkio proiektuak. Arantxa Tapia sailburuak azaldu duenez, Atotxako geltokiaren eta Tabakaleraren inguruan "integratu" egingo da geltoki berria.

Arantxa Tapia sailburua, AHTaren Donostiako geltokiaren proiektua aurkezteko ekitaldian. JON URBE / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2018ko maiatzaren 14a
07:05
Entzun

"AHTa errealitatea da dagoeneko Euskadin, lanen azken fasean sartu baikara". Donostiako udaletxean egin ditu adierazpenok Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, gaur eguerdian. Han aurkeztu dute AHTaren Donostiako geltokia egiteko proiektua; Tapiaz gain, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Iñigo De la Serna Espainiako Sustapen ministroak hartu dute parte ekitaldian.

Tapiaren esanetan, "behar funtzionaletara" eta arkitektura eta hirigintza arloko eskakizunetara egokituko da geltoki berria: "Atotxako terminal berria Norteko Geltokiaren eta Tabakalera ingurunearen egungo arkitekturan integratuko da, garraiobide desberdinen arteko intermodalitatea bultzatuz". Adierazi duenez, geltokiaren inguruan bat egingo dute aldirietako trenak, AHTak eta autobusek. Jaurlaritzak Eptisa Cinsa-Jon Montero Aldi Baterako Enpresa Elkarteari esleitu dio proiektuaren erredakzioa; 861.000 euroko kostua izango du. Hamar hilabete dituzte horretarako, eta lanak 2019. urtearen amaieran hastea aurreikusi dute.

Geltoki berriaren azalera guztia beheko solairuan ezartzeko "zailtasunak" direla eta handitu egingo dute jatorrizko eraikina. Hala, bi solairu eraikiko dituzte, hoteleko eraikinarekin eta AHTra sartzeko eraikinarekin bat egingo dutenak: "Hotelaren fatxada ere multzoan integratuko da, eta Tabakalerako kuboaren antzeko izango da, jarraitutasun sentsazioa lortzeko".

"Pozik" agertu da Goia geltoki berriaren proiektuarekin: "Oso pozgarria da, arkitektura eta hirigintza alorretan mugarri izango delako". Halaber, egoki jo du Jon Monteroren proiektua aukeratu izana: "Monterok inork baino hobeto ezagutzen du Tabakalera, eta horrek emaitza egokia lortzen lagunduko du". Goiaren ustez, Donostiak "geltoki modernoa" izango du hiriko erdigunean. Lanak 2020 eta 2021 artean amaitzea espero du Jaurlaritzak; gehienera jota, 2023rako amaituta egongo dela adierazi du Tapiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.