Pablo Ibar

Datorren urtera atzeratu dute Pablo Ibarren aurkako epaiketa

Epaimahaiaren aukeraketa otsailean hasiko dute, Gabonetako oporrek "prozesua eten ez dezaten".

Pablo Ibar epaitegira heltzen, 2017ko argazki batean. GIORGIO VIERA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko abuztuaren 14a
13:36
Entzun

Bihar zuten hastekoa Pablo Ibarren aurkako epaiketarako epaimahaiaren aukeraketa, baina epaileak hura atzeratzea erabaki du argudiatuta orain hasiz gero Gabonetako oporretan etenaldia egin beharko dutela. Hala datorren urteko otsailera atzeratu dute auzia.

Epaiketa azkarra egitearen aldekoa zen defentsa; Fiskaltzak, aldiz, denbora gehiago eskatua zuen DNA laginetan aditua den zientzialari baten lekukotza prestatzeko. Azkenean, atzerapena onartu du Dennis Baily epaileak. Erabakia, ordea, ez da eztabaidarik gabekoa izan. Ibarren defentsak epaiketa "nahita" atzeratzea egotzi zion fiskalari atzoko saioan.

Kezka agertu du Ibarren familiak ere, eta ohartarazi du auzia atzeratzeak aurreiritziak sortzeko arriskua ekar dezakeela. Izan ere, epaimahaiko kideen aukeraketa sei eta zortzi aste artean luza daiteke.

Pablo Ibarren aurkako hirugarren epaiketa izango da datorren urtekoa. 1994an klub baten jabea eta han lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita epaitu zuten, 1998an. Baina epaia baliogabetzat jo zuten, gutxira. Bi urte geroago, baina, hiltzera zigortu zuten. Baina bigarrenez baliogabetu zuten epaia 2016an, argudiatuta epaiketan "urratu" egin zirela Ibarren eskubideak. Gainera, zigorra argudio ahulekin ipini zitzaiola: nabarmendu zuen ez dagoela hatz markarik, DNA laginik eta irudirik hura erruduna dela erakusteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.