'18/98 auzia'

Datozen asteetan geratuko dira aske 18/98 sumarioaren auziko azken bi presoak

Azken orduko aldaketarik ezean, abenduaren 28an Txema Matanzas eta urtarrilaren 4an Joxean Etxeberria.

Urtea amaitu baino lehen aterako da espetxetik Matanzas. ANDONI CANLLADA, ARGAZKI PRESS
2017ko abenduaren 13a
14:16
Entzun

Puerto III-n (Cadiz) dago Txema Matanzas eta Sorian Joxean Etxeberria, sorterritik 1.050 kilometrora eta 270era, hurrenez hurren. 18/98 sumarioaren auziko Enpresak atalean zigortu zuten Etxeberria eta hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Matanzas, berriz, Ekin atalean eta hamar urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zioten.

Aurten bertan aske geratua da Nekane Txapartegi ere hari egotzitako delitua prekribatutzat eman ostean. Sei urte eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri zion asteasuarrari Espainiako Auzitegi Nazionalak, "ETArekin kolaboratzeagatik". Ordea, Txapartegik ihes egin zuen atxilotua izan aurretik. Aurretik, iazko abenduan itzuli zen etxera Karlos Trenor abokatua ere, espetxean bederatzi urte egin ondoren. 

Orotara 38 lagun zigirtu zituzten eta bederatzi absolbitu. Zigortutakoen artean izan ziren, besteak beste, Jose Luis Elkoro, Jexux Mari Zalakain edota Teresa Toda. Elkorok etxeko atxiloaldian egin zituen azken hilabeteak 2015eko irailean zigorra amaitu zuen arte. Kartzelatik atera berritan, Zalakainek BERRIAri aitortu zionez, auzia hasterako ohartuak ziren kartzelan amaituko zutela. Toda, berriz, 2013ko azaroan irten zen, sei urteko zigorra beteta.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta egin zuten auziko operazioa, 1998ko uztailaren 15ean, Egin egunkaria eta Egin irratia itxi eta hainbat lagun atzemanda, eta handik zazpi urtera hasi zen epaiketa. 2009an eman zuen behin betiko epaia Gorenak. Halaber, KAS, Ekin eta Xaki legez kanpokotzat jo zituen Gorenak. Konstituzionalak ez zuen tramitera onartu defentsaren helegitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.