Hurrengo lau urteetarako buruzagitza bozkatu dute gaur Eudeleko kideek, Elgoibarren egindako batzarrean. Imanol Landa Getxoko (Bizkaia) alkate jeltzalea berretsi dute presidentetzarako. Landarekin batera bi presidenteorde izango dira buruzagitzan, Irungo (Gipuzkoa) alkate Jose Antonio Santano (PSE-EE) eta Errenteriako (Gipuzkoa) alkateorde Garazi Lopez de Etxezarreta (EH Bildu). Talde osoa hartuta, hamabost kideetatik zazpi dira EAJkoak, lau EH Bildukoak, bi PSE-EEkoak, eta PPkoak eta talde independenteetakoak bana.
Bederatzina kidek osatuko dituzte lurralde batzordeak. Jeltzaleek bosna ordezkari izango dituzte probintzia bakoitzean. Araban eta Bizkaian, EH Bilduko bi kidek, PSE-EEko batek eta independente batek osatuko dute batzordea. Gipuzkoan, hiru ordezkari izango ditu koalizio subiranistak, independenteen kaltera. Era horretan, zuzendaritza "integratzailea" osatzea izan da erakundearen asmoa.