Ebro ibaiak gainezka egin du Erriberako hainbat herritan, azken egunetan izandako euriteen ondorioz. Kalteak eragin ditu horrek, eta, adibidez, itxita dago N-113 errepidea Castejonen. Goizeko zazpietan, 7,46 metroko altuera hartu du ibaiak herri horretan; arratsaldeko 18:00etan 7,13 metroko altuera zuen. Gainera, kale ugari itxi dituzte Tuteran. Jose Angel Santamaria Tuterako udaltzainburuak BERRIAri adierazi dionez, ur emaria egonkortu bada ere, datozen orduetako eguraldiaren zain daude; elurra iragarri dute, eta ur emaria haztea eragin dezake horrek. Urtegiak ere ia beteta daudela eta, beraz, ateak ireki behar dituztela nabarmendu du Santamariak. Edonola ere, espero zena baino arazo gutxiago sortu dituzte uholdeek, nahiz baratze lurren hektarea asko hartu dituzten urpean.
Arretaz gidatzea gomendatu du Nafarroako Gobernuak, errepidean putzuak izan daitezkeelakoan. Orain kezka eragiten duena elurra eta izotza dira, ordea. Bihar 300 metrotan elurra egin dezakeela ohartarazi dute meteorologia zerbitzuak. Elurra kentzeko 104 makina lanera ateratzeko prest jarri ditu Nafarroako Gobernuak. Herrialdean, N-113az gain, moztuta daude NA-30 errepidea Landabenen eta NA-137a Izaba eta Zuberoa artean —azken horretan, elur jausiak gertatzeko arriskua dagoelako—. Larrialdi maila horiari eustea erabaki du gobernuak.
Eusko Jaurlaritzak, erriz, bertan behera utzi du alerta egoera. Egoerak baretzera jo badu ere, oraindik moztuta dago N-634 errepidea Elgoibarren, eta Zumaia eta Getaria artean (Gipuzkoa), lurjausien ondorioz. Atzo itxi zuten N-1eko errail bat Etxegaraten, luizi baten ondorioz, eta gaur goizeko zazpietan ireki dute berriro. Euskalmetek eguraldi gorabeheratsua iragarri du ostegunera arte.