Datuak apaldu dira, baina erietxeetako egoerak kezka eragin du

2.079 positibo detektatu dituzte Hego Euskal Herrian azken orduetan.

Lesakan (Nafaroa) uztailaren 14an egindako behaketa. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko uztailaren 24a
17:19
Entzun

Orain arte, COVID-19ak kutsatutakoen gorakadari erietxeetako egoeraren larritzeak jarraitu dio ezinbestean. Oraingo olatu honetan, berriz, eragin hori apaldu eta atzeratu egin da txertoen hedatzeari esker eta kutsatuetako asko sintomarik garatu ez duten gazteak izan direlako. Baina kutsatuen kopuruak hain denbora luzean hain goitik ibiltzeak ondorioak ekarri behar zituen lehenago edo geroago, eta azken orduetan kezka eragiteko moduan emendatu dira ospitaleratzeen eta ZIU Zainketa Intentsiboetako Unitateetan artatu behar izan dituztenen datuak.

Joan den asteazkenean goia jo zuen kutsatutakoen kopuruak, eta inoizko daturik okerrenak izan ziren Hego Euskal Herrian pandemia hasi zenetik: 2.235 positibo egun bakar batean. Azken orduetan datuak zertxobait apaldu dira, oraindik ere 2.000 kutsatuen langatik gora jarraitzen badute ere, eta 2.079 positibo atzeman dituzte, bezperan baino 137 gutxiago.Orotara, 14.832 proba egin dituzte, eta horietatik %14,01 positibo izan dira.

Araban baino ez du gora egin positibo kopuruak: 204 gaixo atzeman dituzte, bezperan baino zazpi gehiago. Gainerakoetan, datuak apaldu dira: Bizkaian 941 positibo detektatu dituzte, aurrekoan baino 25 gutxiago; Nafarroan 441, bezperan baino sei gutxiago; eta Gipuzkoan izan da apaltzerik esanguratsuena: 451 positibo atzeman dituzte, bezperan baino113 gutxiago. Osakidetzak EAEtik kanpoko 42 kasuren berri eman du.

Baina erietxeetan egoera okertzen ari da, eta horrek eragiten du kezka. Azken orduetan 69 gaixo ospitaleratu behar izan dituzte, bezperan baino 13 gehiago. Osakidetzaren eta Osasunbidearen ZIUetan 64 lagun daude; bezperako kopuru berdina da, baina daturik okerrena da joan den ekainaren 15etik hona.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.